J.L.
errugbia

Biarritzek jaso du sasoiko aurreneko kolpe handia

Avironek bere aldetik ikaragarrizko hasiera izan du, mailaz igotzea helburu duen Albiren zelaian garaipena erdietsi baitu joko oso ona erakutsiz.

Jarri da abian Pro 2 Maila, baina ezin esan bikain hasi denik, gaizki ere ez, baina ez nahi bezala. Izan ere, Avironek lehen garaipena erdietsi baldin badu ere, Biarritzek galdu egin du. Zuri-urdinak izan dira etxetik kanpo aritu direnak, baina etxean aritu denak galdu du.

Biarritzek jokatzen zuen etxean, baina, azkenean, 25-28 galdu zuen Aurillacen aurka. Maila nagusira igotzea baldin bada helburua, etxean irabaztea oso garrantzitsua izaten da, baina oraingoz behintzat gauzak ez dira ongi hasi.

Gauzak, gainera, oso azkar okertu ziren, 9. minutuan jaso baitzuen talde zuri-gorriak aurreneko entsegua, eta zazpi geroago bigarrengoa. Gainera, lehen entsegua gauzatu egin zuen talde frantziarrak, eta 16. minuturako 0-12ko emaitza erakusten zuen Agilerako markagailuak. Hala ere, ondorengo minutuetan etxekoen erreakzioa heldu zen: Clementek eta Daviesek entsegu bana lortu zuten, horietako bat Lucuk gauzatu zuen, eta norgehiagoka berdindu egin zuen talde zuri-gorriak.

Biarritzek bolada onari eutsi egin nahi zion, eta Lucuk zigor-kolpea lortu eta aurretik jarri zuen etxeko taldea. Atsedenera joan aurretik, ordea, kanpotarrek berdindu egin zuten markagailua, eta 15-15ekoarekin joan ziren bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatia hasi bezain azkar, Aurillac aurreratu zen, zigor-kolpe bat gauzatu ostean. Hori gutxi ez, eta gauzatutako beste entsegu bat ere lortu zuen talde frantziarrak, 15-25eko emaitza jarriz markagailuan. Biarritzi berriro ere partida iraultzea tokatzen zitzaion eta saiatu zen, berriro ere partida berdindu egin baitzuen. Burotuk lortu zuen euskal taldearen hirugarren entsegua, eta Lucuk gauzatu, baita zigor bat lortu ere. Partida amaitzeko zortzi minutu falta zirela, kanpokoek zigor-kolpe bat gauzatu zuten, eta Biarritzi partidak ihes egin zion, nahiz eta defentsako puntua lortu zuen.

Aviron bikain

Hasiera ona izan duena Baionako Aviron izan da, 23-28 irabazi baitzuen Albiren zelaian. Azken urteotan arazo asko izan ditu talde zuri-urdinak kanpoan, baina aurten primeran hasi da.

Baionako taldeak hiru entsegu lortu zituen, eta Rouet, Hegarty eta Jane izan ziren egileak. Rouetek, gainera, egun bikaina izan zuen, bi entseguak gauzatu egin baitzituen, eta bi zigor-kolpe ere lortu baitzituen. Hirugarren bat ere gauzatu zuen Avironek, baina hori Benjamin Thieryk lortu zuen.

Avironen helburua igotzea da, eta aurrean xede bera duen taldea izan zuen. Argi dago, noski, aurkari zuzen baten zelaian irabaziz hastea oso berri ona dela.