J.L.
PILOTA

Bielle eta Ducassou nagusi Larrainen

Biellek eta Ducassouk lortu zuten atzo Larraineko Torneoa irabaztea, finalean Larralde eta Ezkurra 40-26 mendean hartuta. Leporaino bete ziren Larraineko trinketeko harmailak, eta ikuskizunak ere merezi izan zuen.

Azken hilabetean hirugarren finala zuten Peio Larraldek eta Battitte Ducassouk, nahiz eta hiruretan lagun ezberdina izan duten. Aurreko bietan Larraldek irabazi zuen, eta atzo Ducassourentzat izan zen garaipena. Dudarik gabe, egun dauden bi onenak dira, nahiz eta  22 eta 23 urte besterik ez dituzten

Partidak bi zati izan zituen, eta aurrenekoa ikaragarria izan zen. Sekulako erritmoan aritu ziren lau pilotariak, eta berdinketak ere bata bestearen atzetik izan ziren.

Aurreneko hamasei kintzetan, hamaika berdinketa egon ziren. Atzean Ducassouk ez zuen lortzen Ezkurra menderatzea, ez eta aurrean Larraldek Bielle azpian hartzea ere. Gauzak horrela, garbi zegoen norbaitek behera egin beharko zuela, ia ezinezkoa zelako erritmo harekin jarraitzea, eta horrelaxe izan zen. Izan ere, lauetako beteranoena, Paxkal Ezkurra, izan zen nekea sumatu eta behera egin zuen aurrenekoa, eta horrekin batera partida ere apurtzen hasi zen.

Gero, txapelak jantzi zituen bikoteak 9-2ko partziala sartu zuen, 16-16 egotetik 25-18ra pasatzeko. Hala ere, asko falta zen partida amaitzeko, aldea ere ez zen horrenbestekoa eta dena ikusgai zegoen, baina Biellek eta Ducassouk ez zuten barkatu.

Goitik behera

Bielelk eta Ducassouk ikusi zuten arazoa non zegoen, eta baita zuloa ere, eta aurrera egin zuten. Pilota atzean jarri zuten, Ezkurrari lana gehitzera joan ziren, eta hortik aurrera partida airean eraman zuten, amaieran hamalau tantoko aldea lortuta.

Saketik sei tanto egin zituen Biellek eta bat gehiago, berriz, Larraldek. Jokoan, 22 tanto egin zituzten irabazleek, eta galtzaileek, berriz, hamalau. Galdu, txapela lortu zuen bikoteak bost besterik ez, eta galtzaileek, hamabi. Honela mugitu zen markagailua: 1-1, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7, 9-9, 10-10, 12-12, 13-13, 16-16, 25-18, 29-21, 32-22 eta 40-26.

Hurrengo torneoa, datorren asteburuan jokatuko da, eta Larresoron izango da. Ostiralean 18.00etan hasiko da jaialdia, eta aurreneko norgehiagokan, Monze eta Ducassou, Lanbert anaien aurka lehiatuko dira. Jarraian izango da bigarren finalerdia, eta, bertan, Larralde eta Amuletek Etxeberriren eta Ezkurraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Finala, berriz, datorren astelehenean jokatuko da, 18.00etan. Oraingoan, Ducassou ez da arituko, eta bi handien norgehiagokarik ez da ikusi ahal izango.