Surflari ernegatua

Totora zalditxoak

Egunsentiari itsasotik esaten dio «egun on», egunero, 71 urte dituen arren. Indonesian edo Hawaiin, itsasoratzen jarraitzen du orain 50 urte lehen aldiz surf titulu mundial bat eskuratu zuen gizonak, eta badu zer kontatu, olatu eta olatu artean, historia egin, historia aztertu eta milaka istorio kontatzeko dituen Punta Rocako zezena-k. Ilehoriak eta anglosaxoiak nagusitu diren surfaren munduan murgilduta egon da, zurrunbiloaren erdi-erdian, haiekin jan, edan eta lo egin du, haiekin bizi da, baina Amerika hegoaldetik etorrita, oso gutxik lortu duten zerbait lortu du Felipe Pomarrek, errespetua.

Gozamena da Pomar hitz egiten entzutea. Bere elkarrizketek ipuin forma dute. Antza, Homerok Pomar ezagutu zuen hau jaio aitzin, eta, egiaz, Ulisesen epopeiak perutarrak dira. Itakarako bidaia, beraz, surf taula baten gainean egin zen.

1974. urtean uretan atzeman zuen lurrikara batek Pomar. Punta Hermosako uhartean zen surf egiten, bat-batean itsasoa erretiratu eta berarekin eraman zuenean. Ikaragarrizko beldurra pasa zuten itsaso kaotiko haren erdian berak eta bere lagunek, baina badiarantz urbiltzea lortu eta «tsunami deitzen duten olatu horietako bat hartzea lortu genuen».

Pomarrek ez du “surflari” hitza erabiltzen, tablista deitzen die olatu gainean ibiltzen direnei, eta “surf” deitzen duten kirolaren sustraiak Polinesian baino Hego Amerikan aurkitzen direla dio. Alferrik ari da Pomar surfaren historia Perun hasi zela esaten, jada esan beharrekoa esana dago, ez zuten polinesiar edo hawaiiarrek esan, estatubatuarrek agintzen baitute, eta haien erara osatu da kontakizuna. Azal iluneko protagonista aborigenekin, baina aborigen menderatuekin.

Hala ere, saiakerak begirunea merezi du, eta entzuteak merezi du. Nola antzinako garaietatik, Peru iparraldeko biztanleak, naturarekin harmonia betean, totora landareekin egindako ontziekin olatuak hartzen ibiltzen ziren. Totora zalditxoak dira, Mochica eta Chimu kulturen ondare eta ezaugarri. Antzinako hizkuntzan, wachakes deitzen zituzten, itzulpen literalean “ur begia” esan nahi duena, eta zer esan nahi zuten ulertzeko gai ez garena. Oreka ekologikoa ehuntzen duten hari meharrekiko perutarrek duten errespetuaren sinbolo omen dira zalditxoak, eta egun oraindik landare umelak ehuntzen jarraitzen dute Peru iparraldeko arrantzaleek, eta haritik tiraka, historia idaztea baino helburu apalagoekin, egiazkoak diren ehunka istorio topa daitezke, horretarako gogorik bada...