Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Entrevue
JAIME OTAMENDI
DONOSTIA KULTURAKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

«Gure eguneroko kultur menuak ez huts egitea, hori da nire betebeharra»

Euskadi Irratiko estudioak 17 urterekin zapaldu zituen lehendabizikoz eta azkenekoz ETB1eko «Airean» saioan ikusi genuen. Kazetari gisa 30 urteko ibilbidea egin ostean, Donostia Kulturako zuzendari kudeatzaile berria da Jaime Otamendi. Ikusioz hartu du lan berria eta garbi ditu erronkak: herritarrei eguneroko kultur eskaintza txukuna eskaintzera dator, baita 2017an ere.

“Kargu” hitza ez du gustuko. Lan berri bati, erronka bati eustera datorrela dio eta, orain artean ikusi duenetik, «profesional talde handi bat» topatu duela. Victoria Eugeniako bere bulegotik, hurrengo urteetarako dituen asmoak plazaratu dizkigu.

Lehenik eta behin, zorionak lan berriagatik. Urduritzen zaituen erronka da ala ziurtasunez zatoz?

Milesker, eta, bai, urduritu, beldurtu eta errespetu handia sorrarazten didan erronka da, batez ere ibilbide luzea duen erakundea delako eta azken urteetan gauzak oso ondo egin direla pentsatzen dudalako. Beldur puntu hori badut, eltzea sutan probatzen delako eta hor ikusiko delako erronka honi heltzeko gai izango ote naizen.

Erronka berriei eusterakoan aurreiritzi eta usteak izaten ditugu. Espero zenuen Donostia Kultura aurkitu duzu?

Aurkitu dudana kulturaren munduan ilusioz eta aurrera begira lan egiten duten 220 profesionalez osatutako taldea da. Horrek poz handia eman dit eta, era berean, seguru samar sentiarazi nau.

EH Bilduk salatu zuen hautaprobetako baldintzetan aldaketak egin zirela kargurako hautatua zu izan zintezen.

Ez dakit aurreko txandetan zer baldintza eskatu diren, harritu ninduena izan zen nire euskara maila izatea eztabaidarako gai... Uste dut, beste gabezia batzuk baditudan arren, euskara maila egokia dudala. Ni aurkeztu nintzenean arauak hala ziren, eta aurkeztu nintzen eta hautatu egin ninduten.

Hala ere, norbaitek gonbidatu omen zintuen aurkeztera...

Bai, baina orain baino lehen ere aipatu izan didate Donostian halako edo bestelako lanetarako norbait behar dela.

Eta oraingoan nondik iritsi zitzaizun proposamena?

Ingurutik. Herri honetan den-dena politikarekin lotzeko ohitura dugu eta, gero norberak pentsatuko du nahi duena, baina nire ibilbide guztian, lan egin dudan toki guztietan, beti gauzak alderdi profesionaletik aztertu izan ditut, alderdikerietatik aparte.

Kazetaria zara. Zerk bultza zaitu lanbidez aldatzera?

Orain arte kazetaria izan naiz eta ofizio hori izugarri gustatzen zait. Hau erronka oso ezberdina da eta nire buruari «proba dezadan» esan diot. Kazetaritzari atseden eman eta nire burua berritzeko ere balioko dit. Uste dut erronka honetarako, kazetaritza ikuspegitik, bi bertute baditudala. Bata kuriosoa izatea, kazetari onak kuriosoa izan behar baitu, eta, bigarrena, kazetariok gurekin dugun zerbait, naiz eta aspaldi honetan galtzen ari den: erantzun ona jasotzeko oso inportantea da ondo galdetzea. Horiek izanda, iruditzen zait erantzun egokiak aurki ditzakedala Donostiak kultur munduan zer erronka dituen jakiteko.

Zuzendari kudeatzailea zara. Zein izango da zure zeregina?

Donostia Kulturak dituen arlo guztiak hiriko eta inguruko eragileekin elkarlanean jartzea, eduki zein baliabide aldetik, eta komunikazio egokia ematea. Horiek dira nire zutabeak. Zehatz hitz eginda, Donostia Kulturak ditu kultur etxeak (herritarrengana gehien inguratzen diren kultur produktuak, nolabait esateko), liburutegiak, Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia, eta San Telmo museoa.

Donostia Kulturan, lankideek dioten bezala, eguneroko kultur otordua prestatzen dugu, herritarrei eskaintzen zaien eguneko menua, etxean eta goxo prestatua. Badaude beste mokadu edo eskaintza batzuk (arte eszenikoen alorrean, zineman, musikan...), baina gure lana herritar bakoitzak bere otordua izan dezala da, ze kulturalki aberatsa den herri batek balio handia du. Hori ez dago dirutan neurtzerik.

Jendarteak ezagutzen al du Donostia Kulturak barnean hartzen duen guztia?

Segur aski ez. Neu ere lan honetara animatu nintzenean eta begira hasi nintzenean, harrituta geratu nintzen zenbaterainoko egitura duen, zenbat pertsona dauden egunero herritarrarentzat kultur menua prestatzen. Tonto-tonto egunean batez beste hamabost ekitaldi antolatzen dira Donostia Kulturatik. Bada zerbait. Orduan, uste dut herritarrek gertuagokoa beharbada ezagutzen dutela, baina osotasuna ez horrenbeste. Komunikazioaren alorrean, gure aktibo inportanteena bazkide txartela da; etxe honetan zerbait oso ondo egina badago, hori da. Nire lanik inportanteena bazkide gehiago egitea litzateke. Ja 90.000 ditugu, eta horietatik %20 ez dira donostiarrak. Zerbitzu irekia da, beste leku askotan ez bezala.

Kultur etxeak, zerorrek aipatu duzu, dira herritarrekiko harreman zuzenena dutenak eta, aldi berean, kultura auzoetara zabaltzen dutenak. Horiek indartzeko asmorik baduzu?

Egia esan, oraindik ez naiz bete-betean sartu horretan, baina irudipena dut oso ondo ari direla. Beharbada, auzoko eragileekin harreman gehiago izatea litzateke egin genezakeen apustua, baina oraindik lur hartzen ari naiz eta kultur etxe bakoitzak du bere izaera. Hori ondo aztertu nahi nuke bertako langileekin.

Euskarari dagokionez, zer-nolako osasuna du programazioaren alorrean?

Uste dut euskaraz sortzen diren gauza guztiek dutela aukera bat gure programazioan. Nire galdera da ez ote genituzkeen ingelesez eta frantsesez ere gauzak eskaini beharko, aberaste aldera, hizkuntza aldetik herri anitza baikara. Baina hori galdera ikur bezala uzten dut.

Adibidez uda sasoian, non hiria turistaz betetzen den?

Ez, ez, eguneroko otordu horretan. Geroz eta gehiago dira ingelesa dakiten edo ikasten ari diren herritarrak eta tarteka-marteka plateren bat ingelesez kontsumituko luketenak.

Donostia 2016 gainean da. Ze parte hartze izango du Donostia Kulturak?

Elkarlan bete-betea egongo da. 2016an, Donostia Kulturak eskaintzen duen eguneroko otordu horretaz aparte Donostia 2016 egongo da, biak koordinatuta egongo dira eta osagarri izango dira, eta Donostia Kulturaren erronka produkzioan zein azpiegituretan behar duten guztian laguntzea izango da. Baina eguneroko menuak ez huts egitea, hori da nire lehenengo betebeharra.

Ia parean tokatu dira zure etorrera eta Tabakaleraren inaugurazioa iragartzea. Nola ikusten duzu proiektua?

Alde batetik, luxu bat da Tabakalera bezalako espazio bat izatea eta uste dut eduki on bat, interesgarria eta hiritarrak asebete eta askotan sorprendituko dituena eskaini behar dugula. Bestetik, harremanak izan ditut eurekin eta uste dut bakoitzak bere tokia bilatu beharko dugula hiri honetan, agian pittin bat moldatu beharko dugu herritarrei eskaintza bateratu eta osagarria eskaintzeko. Azken batean, hiritarrari ez zaio horrenbeste inporta zerbitzua nork eskaintzen duen, nahi duena zerbitzu on bat da eta uste dut denon artean Donostia kultur marka inportantea bihurtu behar dugula.

Donostia kultur marka «bihurtu» behar dela esan duzu. Gaur egun ez da?

Donostia marka zer den aztertuko bagenu, turismotik, lekutik eta postaletik asko dauka, baita kultur mundutik ere. Munduan zehar Zinemaldia ezaguna da, Jazzaldia pittin bat gutxixeago... baina Donostiak egun duen kultur eskaintza munduan hobeto erakuts daitekeela uste dut.

Zentzu horretan, datorren urtea garrantzitsua izango da. Nola ikusten duzu 2016a?

Hiritar bezala, bizitzeko oso urte interesgarria izango dela uste dut, zirraragarria. Zuzendari bezala, galtza beteko lanak izango ditugula ikusten dut. Baina kezkarik handiena 2017an daukat: 2016a urte apasionantea izango da, baina ez du askorako balioko ikasten eta eskaintzen dituenak 2017an edo hurrengo urteetan jarraikortasunik ez badute. 2016 “egina” dago, sukaldatua. Jauzia 2017an pentsatu beharra dugu, programazio zein erronka ikuspegitik.

2015an abiatu zara. Zure buruari denbora eperik jarri diozu?

Ez. Ni hona lan bat egitera nator. Lehen ez dizut aipatu, baina Donostia 2016 antolatzen ari direnek 2017an utziko dute lan hori, eta han sortutako eta pilatutako ezagutza Donostia Kulturak hartuko du, azkenean hori izango delako herri honetako kultur erreferentea. Nire lana orain hasten da eta, helburu zehatz batzuk betetzen diren neurrian, 2017, 2018 edo hortxe egon gaitezke. Ez diot nire buruari eperik jarri, baina uste dut tankera honetako lanek, eta batez ere zerbitzu publikoaren esparrukoek, epe bat behar dutela. Beraz, ez nator hemen betirako geratzeko bokazioarekin, ze, besteak beste, hau ez da nire ofizioa.

 

«Tarteka kazetaritzaren funtsa, gauzak ikusi eta ondradutasunez kontatzea, ahazten dugu»

Kazetaritzan 30 urteko ibilbidea duzu. Egun, nola ikusten duzu ofizioa?

Kazetaritza aldaketa nabarmen batean dago. Ni hasi nintzenean egiten genuen kazetaritza eta oraingoa oso ezberdinak direla pentsatzen dut batzuetan, eta besteetan oso antzekoak direla. Aldatu dira erremintak, eragileak, kazetaritza kontsumitzeko modua, gizarteak komunikatzeko duen era eta tresnak...

Horrek guri guztioi, kazetarioi, egokitzea eskatzen digu, baina batzuetan iruditzen zait lanbidearen funtsa ahaztu egiten zaigula: gauza bat bizi, ikusi eta ondradutasunez eta ondo kontatzea, izan egunkarian, irratian, telebistan edo sare sozialetan.

Gero, giro politikoa ere aldatu da, biolentziaren ikuspegitik beste garai batean bizi gara. Kazetariok urte asko eman ditugu, era batera edo bestera, hor oso parte inplikatua izaten, eta batzuetan oraindik lehengo garaietan gaudela iruditzen zait. Uste dut kazetariok lan asko daukagula berritzen.

«Egokitzapen» hitza erabili duzu lehen. Bidea ondo egiten ari al gara?

Egokitu egin behar dugu, bai, baina iruditzen zait funts hori ahaztu egiten zaigula. Askotan, ondo galdetzea baino, urteen poderioz erantzunak guk geuk emateko tentazioa dugu adibidez, eta niretzat kazetaritzaren funtsetako bat ondo galdetzen asmatzea da. Nik horrela bizi dut kazetaritza.A. A.