Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Ongi etorri

Ongi etorri zure etxeko errepublika independentera” dio Ikeako mezu ezagunak. Multinazional honek bihar irekiko ditu ateak jada aski saturatua den Baionan. Milaka erosle espero dituzte, urtean ez dakit zenbateko etekina egiteko asmoa dute eta zuzendariak esan du errotzeko asmoz datozela, merkataritza gune erregional berri bat aldi berri bat dela tokiko ekonomiarentzat. Pentsa, amu turistiko ere bihurtu da; “vente appartement T2 à 12mn d'Ikea” irakurtzen da inguruko agentzia-etxeetan.

Altzari enpresa bat baino zerbait gehiago da, ordea, Ikea. Kontsumo ereduak hankaz gora jarri eta kontsumitzea bizi eredutzat hartzen duen enpresa da. Wedding Online deritzon gunean ezkontzeko aukera ere eskaintzen du, ezkontza maitasun adierazpenik errazen eta merkeena izan dadin. Ohartu gabe, zorion perfektu baten antza duen bizi eredu bat salduz (prezio merkeak, jende abegitsuak, produktu sinpleak...) lotzen gaitu eztiro kapitalismoaren morrontzara, gure imajinarioa ez ezik, gure bizimodua ere erabat kolonizatzen baitu (lagun batzuen etxean harrikoa egiten ari nintzela “Ikea, Made in Thailandia” jartzen zuen platerak garbitu nituen ustekabean!).

Garbi dago. Gurea bezalako jendarte hiperkontsumistan erosteko presio psikologikoa gero eta handiagoa da. Ondorioz, kapitalismoak prefabrikatutako erantzun erosoetan erortzeko tentazioa ere handia da (dena merke-merke gainera!). Baina gure onerako erosten dugun horrekin zenbat kaltetzen dugun pentsatzen jarriko bagina, agian konturatuko ginateke gure kontsumo ereduaz.

Zaila da tirania kontsumista honi ihes egitea, zoriona edukitzearekin, erostearekin, lotzen baitugu. Halako edo holako zerbait erostea moda kontua, are, kultura kontua bihurtu baita, behar bat izan ordez. Eta horrela, behar ez ditugun hamaika gauzez beteak ditugu gure etxe eta armairuak oro.

Jende zoriontsuak ez duela itsuki kontsumitzen irakurri diot Serge Latouche ekonomia irakasleari, gutxiago eta hobeto kontsumitu behar dela. Horra arrazoi on bat, pentsatu dut. Eta zinez zoriontsu izateko ez ditugula gauza asko behar pentsatu dut neurekiko: mendiko botak, liburu on bat, ardo ona eta konpainia hobea. Ikearen letra dirdiratsuek itsutu ez nazaten saiatuko naiz.