Billabong Pro Tahiti 2015:Jeremy Flores garaile Teahupoon
Ez zen iazkoa bezain itsaski beldurgarririk izan, baina tubo ederrak egin zituzten TOP34 lehiakideek. Aritz Aranburuk parte hartu ahal izan zuen, eta bikain aritu zen. Jeremy Floresek irabazi eta bosgarren postura igo da Adriano De Souza buru den CT rankingean.

Hainbesteko ikusmina sortu zuen Tahitiko txapelketa, azkenean, ez zen hainbesterako izan. Olatu oso gutxi izan zen eta txapelketako txanda gehienak azken egunean egin behar izan zituzten. Hala ere, olatu onak ere izan ziren.
Aritz Aranburu zarauztarrak gonbidapen wildcard bati esker parte hartu ahal izan zuen CT zirkuituko zazpigarren txapelketan, eta bikain aritu zen arren, final-laurdenen atarian kaleratu zuten.
Finalean, Gabriel Medina eta Jeremy Flores izan ziren. Iaz brasildarrak irabazi zuen txapelketa hau bera, baina aurtengoan Reunion uharteetako surflariak eskuratu zuen txapela.
Itsaski ertaina
Iazko Billabong Pro Tahiti surfaren historian inoiz izan den txapelketarik gogoangarrienetako bat izan zen. Sekulako olatuak izan ziren, handiak eta garbiak, baina arriskutsuak, oso arriskutsuak. Lehiakideek beldurra pasatu zutela aitortu zuten, eta ez zen gutxiagorako, halako baldintzatan edozer gerta baitaiteke. Egun surf maila zein goian den agerian geratu zen, ezinezkoak ziruditen tuboak egin baitzituzten surflariek.
Aurtengoan ere iazkoa bezalako itsaski bat sartuko ote zen esperantza zuten ikusle, jarraitzaile eta antolatzaileek. Azken hilabetean Teahupoon hartutako olatu munstroen irudiek giroa berotu baino ez zuten egin, eta txapelketa epea ireki zenean, ikuskizun gosea nabari zen mundu osoko surflari eta jarraitzaileen artean.
Itsasoa, ordea, sare sozial eta surf aldizkariek esan dezaketenaz trufatzen da, bere bidea egiten du, eta azkenean, ez zen nahi bezalako itsaskirik izan Tahitin pasa den astean amaitu zen munduko surf txapelketan. Teahupooko munstroak ez zituen bere atzaparrak erakutsi.
Oso egun gutxitan izan ziren olatuak Tahitin eta txapelketa ozta-ozta amaitu ahal izan zuten, itxaronaldi epea amaitzear zela, txanda gehienak azken egunean egin baitzituzten. Olatuak izan zirenean tubo ederrak ikusi ahal izan ziren, baina iazkoak marra gorria oso goian jarri zuen eta orain badirudi Teahupooko tubo batek ona izan dadin gutxienez lau edo bost metroko altuera izan behar duela. Alegia, surflariak bizia jokoan jartzekoa adinako tuboa ez bada, ez da tubo ona, antza.
Teahupoon, surflariek ariketa bakarra egin dezakete olatuan. Ariketa bakarra puntuatzen dute epaileek, ez dago beste aukerarik; alegia, tuboa. Eta lehiakideek egin zituzten tuboak epaileen begiekin begiratuz gero, tubo oso onak izan ziren.
Aritz Aranburu
Tuboak egiten bikain aritu zen lehiakideen artean Aritz Aranburu aipatu behar da; izan ere, zarauztarrak bizkarkako tuboetan duen abilezia agerian geratu zen beste behin ere. Hasiera-hasieratik sekulako indarrarekin aritu zen lehian Aranburu.
Lehen txandan Filipe Toledo brasildarra eta Keanu Asing hawaiiarra kanporatu zituen eta 8'17 puntuko tubo bikain bat ere egin zuen, gainera. Hirugarren txandan Mick Fanning, bi bider munduko txapelduna izandakoa, izan zuen aurkari eta honi ere sekulako egurra eman zion. Aranburuk 15'17 puntu bildu zituen, eta australiarrak berriz, 6'67 puntu baino ez.
Bosgarren errondan ere arerio zaila izan zuen Aranburuk, C.J Hobgood estatubatuarra. Aranburu bikain aritu eta final-laurdenetara pasatzeko zorian izan zen, baina ez zuen Floridakoa garaitzea lortu. Soilik 0'36 puntuko aldeagatik irabazi zuen aurten erretiratuko dela iragarri duen C.J Hobgood lehiakide beteranoak.
C.J Hobgood
Lehiakide amerikarrak aurtengo sasoia amaitzean erretiratzeko asmoa duela iragarri zuen txapelketa hastear zela, baina berarekin lotutako bestelako albisterik ere izan zen; izan ere, txapelketako tuborik onenetakoak berak egin zituen aurtengoan, eta horri esker, Teahupoon Andy Irons lehiakide zenduaren omenez eskaintzen den trofeoa irabazi zuen.
“Andy Irons Most Committed” saria eskuan zuela honela mintzatu zen Floridakoa: «Izugarria izan da. Hemen egoteko aukera izatea, eta gainera, azken txandetan itsasoratu ahal izatea oraindik eta zirraragarriagoa da. Hain nago zoriontsu... txapelketa nik neuk irabazi banu bezala sentitzen naiz».
Iragarri berri duen erretiroa eta Andy Irons ere hizpide izan zituen Hobgoodek: «Azken bi hamarkadetan goi mailan lehian aritu naiz eta oso bizigarria izan da, asko ikasi dut. Hemen final batean izan nintzen azken aldian Andy Ironsekin izan zen. Berak irabazi zuen, baina elkarrekin partekatu genuen momentu hura bizi osorako gordeko dut».
Medina vs Flores
Finala hasi bezain laster Jeremy Floresek 9'87 puntuko olatu bat egin zuen; beraz, ezin hobeto hasi zuen txapelketako azken txanda. Reunion uharteko surflaria burua babesteko kasko bat jantzita itsasoratu zen txanda guztietan, baita finalean ere, eta horregatik Helmet Man («kasko gizona») ezizena jarri zioten surf erreportariek.
Azkenean 16'87 puntu bildu zituen Floresek bere bi olatu onenekin, eta Medinak berriz, 13'20 puntu baino ez; beraz, ezbairik gabeko garaipena izan zen Floresena. Garaipen honi esker, gainera, bost postu egin ditu gora ranking orokorrean, eta gaur egun zazpigarren postuan da Flores.
Honela mintzo zen Flores: «Gabriel tipo taktikoa da, beraz, bere jokoa jolastea erabaki nuen. Uretan oso agresiboa da bera, eta orduan pentsatu nuen nik oraindik eta oldarkorragoa izan behar nuela. Hala ere, zoriondu egin behar dut, zeren edonola ere bikain aritu da, eta gainera, onartu behar dut azken txanda hau guztien artean gogorrenetakoa izan zela».
Momentu batean lehian ari zela ere ia ahaztu egin omen zuen Floresek: «Han nengoen eserita, etortzen ez zen olatu baten zain, eta urduri jartzen hasi nintzen. Eta orduan zera pentsatu nuen, galduta ere nagoen lekuan egoteagatik munduko morroi zorionekoena naizela. Surfa kirol paregabea da eta ondo pasatzen ari ez bazara zerbait ez dabil ondo. Baina, errealitatera itzuli eta txapelketan kokatu behar izan nuen neure burua».
Floresek lehen mailako itzulian lortu zuen azken txapela Hawaiin eskuratu zuen, 2010. urtean, Pipelineko lehiaketa ospetsuan. Handik bost urtera, ongi merezitako txapela eskuratu du Tahitin; izan ere, lehen postua eskuratzeko Kelly Slater, CJ Hobgood edo Gabriel Medina bezalako lehiakide puntakoak garaitu behar izan ditu.
Tahitiko txapelketaren ostean Adriano de Souza brasildarrak jarraitzen du CT rankingean buru. Haren atzetik, bigarren postuan Mick Fanning australiarra aurkitzen da. Horraino ez da aldaketarik izan, baina hirugarren postuan zen Julian Wilson australiarrak hirugarren postua galdu du eta laugarren postura jaitsi da, eta haren ordez, Owen Wright australiarrak hartu du hirugarren postua.
Gauzak honela, Kaliforniara bidean dira jada TOP 34 lehiakideak, han izango baita Hurley Pro at Trestles txapelketa, irailaren 9 eta 20a bitartean. Eta horren ostean, hemendik gertu, urtero Landetan izaten den txapelketa izango da Hossegorren, urriaren 6 eta 17a bitartean.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
