Diadak Euskal Herrian ere badu tokirik
Kataluniako herritarrei sostengua adierazteko Diada ospatu zuten atzo Bilbon. Ostiralean Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Ostiralean ospatuko dute Bartzelonan Kataluniako Diada, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenerako eta independentziarako bidean erabakigarriak izan daitezkeen hauteskundeen ataria ere izango delarik.
Hala, hitzorduaren garrantziaz jabetuta, Euskal Herrian ere Diada ospatuko da, Kataluniako herritarrei sostengua adierazteko asmoarekin. Bilbon eta Donostian Euskal Herriko ANC Biltzar Nazional Katalanak egin ditu deialdiak.
Bilbon, atzo egin zuten ekitaldia San Bizente plazan, Kafe Antzokiaren aurrean. EH Bilduren izenean Iker Casanova eta Maribi Ugarteburu legebiltzarkideak eta Josu Unanue Bizkaiko batzarkidea izan ziren elkarretaratzean. Ondoren solasaldia egitekoak ziren, “Berria” egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi eta Vilaweb.cat Interneteko atariko buru Vicent Partalekin, Kataluniak independentzia lortzeko abiatu duen bidea hartuta mintzagai.
Donostian ostiralean bertan ospatuko dute Diada. Hitzordua eguerdian jarri dute Bulebarreko kioskoan, eta antolatzaileek parte hartzeko eta ikurrinak eta «esteladak» eramateko deia egin dute.
Iruñean eta Gasteizen
Iruñean (Udal Plaza) eta Gasteizen (Andra Mari Zuria), bestalde, EH Bilduk egin du deialdia ostiralean, 19.00etan Diada ospatzeko. «Kataluniako herritarrekin bat egiteaz gain, Nafarroako herritarrendako erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko», nabarmendu du EH Bilduk. «Nafarroak bere etorkizuna erabaki dezan –jarraitzen du oharrak–. Gure etorkizuna erabakitzeko oinarriak ezartzea geuri dagokigu. Herritarrek protagonismo osoa izan beharko dute egungo egoera instituzionalean eta politikoan eragingo badugu. Ezin dugu Espainiako edo Frantziako gobernuek esango dutenari begira egon. Daukaguna, geure indarrez lortu dugu», gaineratu du EH Bilduk.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
