Beñi Agirre
Euskara irakaslea
KOLABORAZIOA

Zientzialari berantiarrak

Euskal Telebistak berak babestu eta finantzatutako dokumental bat sustatzen ari dira lau haizetara, “Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra”. Dibulgazio lan garrantzitsu eta euskal gizartean oraindik oso gutxi zabalduta dagoen teoria zientifiko bat bezala aurkezten zaigu. Hau da teoria zientifiko bezala, besteak beste, azaltzen den tesia: Paleolitoan herri baskoi bakarrak hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten zuen.

Dokumentalean bertan frogatutzat ematen da baskoiak direla, garai hartan, eremu geografiko jakin batean bizi eta habitat naturala zuten gizakiak. Unibertsitateko irakasle eta arkeologo bezala aurkezten zaizkigunek horrela baieztatzen dute hilobiratze modu, arma mota eta ahaidetasun genetiko bezalako aldagaiak kontuan hartuta. Beraz, hauez gain beste hainbat zientzialarik egin duten bezala, frogatutzat emango dugu herri bakarra dela baskoiena Paleolitoaz geroztik.

Hizkuntzaren lehenengo laginak alderatzeko, berriz, erromatarren garaiko bi hilarri erakusten zaizkigu, biek ala biek erromatartutako bikoteen irudiak eta latinez zizelkatutako hitzak dauzkate. Akitanian dago bata, Lugdunum Convenarum erromatarren Saint-Bertrand-de-Cominsen, honetan latinezko testu batean tartekatutako euskarazko hitz bat identifikatu daiteke; bestea, Lemoan dago, Bizkaian, latinezko testu honetan ez dago euskarazko hitzik identifikatzerik. Dokumentaleko zientzialarien aburuz, honek frogatzen du Akitanian euskaraz hitz egiten zela eta Bizkaian, euskarazko testurik aurkitu ez denez, ez zela euskaraz hitz egiten.

Arin samar ateratako ondorioa dirudi. Argi dagoena da bai Akitanian bai Tarraconensis probintzia erromatarraren bazter honetan hilerriko testuak latinez idazten zirela; Akitaniakoa zizelkatu zuenak bazuela euskararekiko begirunea eta Bizkaikoa idatzi zuenak ez; Akitanian inskripzio bat baino gehiago azaldu denez, latinez ez ezik euskaraz egiten zela esan daiteke eta Bizkaian «oraingoz bakar bat ezagutzen ez dugunez», ez dakigula latinaz gain zer hitz egiten zuten. Iruña-Veleia ere aipatzen da dokumentalean, baina ezer gutxi esaten da Gasteiztik gertu euskarazko arrastoekin azaldutako oskolez. Aizue!, bide batez, zer dakigu horretaz? Filmean azaltzen diren elkarrizketatutako batzuek zerikusi zuzena omen dute afera honekin, ezta?

Hizkuntzalaritzari begiratzen diote gero. Nerua (Nerbioi), Deba, Amboto edo Oka mendien izenek ez dutela euskarazko azalpen deskriptiborik baieztatzen dute. Nahiz eta euskal izenez inguratuak izan, leku izen hauetako izendun toki nagusiak euskaldunak ez izateak lurraldeotan euskara ez beste hizkuntzaren bat hitz egiten zen frogatzat dute, zelta indoeuroparra edo Iberiakoren bat. Bikain! Ez balitz oso mendebaldeko baskoien eragineko lurralde batean alderantzizko kasua dugulako: Burgos ipar-mendebaldean Amaia mendia eta herrixka izandako arrastoak baititugu. Amaya izenari jatorri zelta ematen dionik ere ez da falta, am(ma) ama esan nahi du zeltaz eta -ia atzizkia toponimoak izendatzeko maiz erabiltzen da.

Bikain, ez balitz am(ma) euskaraz ere «ama» dela eta gainera, «amaia»-k, bukaera ere, lurraldearen azkena-edo esan nahi duela. Amaia toponimoa baskoi euskaldunen denboraldi bateko sartzearen ondorioa izan daiteke, Anboto izan daitekeen bezala; inork ez baitu zalantzarik zeltak euskal lurraldean Gure Aroaren aurreko V. mendetik aurrera ibili zirela. Bikain parekotasuna, Bizkaiko izen zeltekin ez bezala Burgoseko Amaiaren inguruan euskal toponimoak diren hainbat toki izan ez balira: Amaia, Besaia eta Urbel(tz) ibaiak, Ulaina, U(r)biarna, Zubel… eta oso gertu, modernoago bat, Basconcillos del Tozo.

Historia eta geografiarekin ere jolasten dira. Euskara Euskal Herri mendebaldera Akitaniatik sartu zela eta VI. mendera arte ez zela hiru probintzietan hitz egiten esaten dute. Esan gabe, baina aditzera emanez, franko-merobingioek sortutako Baskoniako Dukerriak garai horretan izan zituela mendean lurralde horiek. Tesi berantiarra beraz, biribildua dago: Ez dago erromatarren garaiko froga idatzirik eta toponimo zelta batzuk daude han-hemenka; gainera, Akitanian sortutako indar politikoa mendebalderaino iritsi zen VI. mendean; beraz, mendebaldeko baskoi haiek Akitaniakoak etorri arte ez zuten euskaraz hitz egiten.

Diru publikoarekin finantzatutako dokumental bat izango ez balitz, afizionatu batzuen adarjotze ariketa bat zatekeen; baina akademiko eta unibertsitateko hainbat pertsonaren parte hartzea kontuan izanda, azpian dagoen asmoa beste bat dela antzeman daiteke. Irudi apokaliptiko, musika sarkor, eszenifikazioen seriotasuna eta helikopterotik ateratako galaxietako gerraren barridoek ezin dute ezkutatu tesi osoan azaleratzen den presentismoa. Euskararen lurraldetasuna eta VI. mendean euskaldunen eragin eremua kokatzeko egungo zazpi probintzien mapa erabiltzen dute, Trebiñuko konderria Arabari atera zaion zulo handi baten moduan irudikatuta. Alegia, euskarak eta Euskal Herriak betidanik izan ditu gaur ezagutzen ditugun muga marrak, Bidasoarainoko iparraldeko baskoiak mota batekoak ziren eta euskaraz egiten zuten; hegoaldekoak, berriz, bestelako baskoiak ziren, ez zuten euskara ezagutzen; horiez guztiez gain, Paleolitoan jada Trebiñu Gaztela eta Leongoa zen. Guretzat hain gauza serioa ez balitz, txiste ona litzateke.