Munduan lehiatuz bertan lana sortzen segitu nahi du Mondragon Unibertsitateak
Maila globalean lehiatuz tokiko enpresa ehunari lagundu eta bertan enplegua sortzeko engaiamendua berretsi du Mondragon Unibertsitateko errektoreak ikasturte berriaren irekiera ekitaldian, Oñatin.

Mondragon Unibertsitateak (MU) 2015-2016 ikasturteari hasiera eman zion atzo Enpresagintza Fakultatearen Oñatiko campusean. Vicente Atxa errektoreak burutzear dagoen plan estrategikoa aipatu zuen, lankidetzaz garatutako proiektu ugari barrenean dituena, adibidez ekainean lehen promozioa graduatu zuen Basque Culinary Center eta Orona-Ideo Berrikuntza Poloa, enpresa, unibertsitate eta teknologia zentroek bat egiten duten campusa.
Duela bi urte Bilboko Udalarekin batera abian jarritako Bilbao Berrikuntza Faktorian ere hiru elementu horiek elkartzen dira.
Nazioartekotzea izan zen errektoreak azaldutako beste ezaugarri bat, bai ikasleena (gero eta gehiagok egiten dituzte ikasketak atzerrian) bai unibertsitatearena. Urrian martxan jarriko den Erakundeen Nazioartekotzea masterrak helburu horri erantzunen dio.
Etengabeko prestakuntza
Lanean ari diren profesionalen birkualifikazioa eta gaikuntza ere nabarmendu zituen Atxak. Azken lau urteetan 20.000 profesionaletik gora trebatu dira MUk eskaintzen duen etengabeko prestakuntzan. Ikasturte honetan MOOC prestakuntza irekiko bi ikastaro emanen ditu, Hacking Etikoa eta Kooperatibak Kudeatzeko Gakoak.
Ikerketari dagokionez, agertu zuen beti bilatzen dutela muinean «transferitzeko helburua izatea, gure gizartean, gure ekonomian inpaktua izatea, jakinik emaitzetako askok oso epe luzera izango dutela eragina».
2014-2015 ikasturtearen balantzea ere egin zuen instituzioetako ordezkariak ondoan izan zituen errektoreak, besteak beste Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. MUk 15 titulu eskaini ditu: bederatzi Ingeniaritzan, bi Enpresa Zientzietan, bi Hezkuntzan, bat Ikus-entzunezko Komunikazioan eta beste bat Gastronomia Zientzietan. Gainera, Informatikako eta Telekomunikazioko gradu bikoitza, 13 master eta 30 titulu propio, ikastaro aditu eta aurreratu ere eman ditu. 4.285 ikasle izan ditu.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
