Ekuador Biarritzeko erdigune bihurtu da
Guatemalako Jayro Bustamanteren «Ixcanul» filmak eman zion hasiera atzo Latinoamerikako kulturen jaialdiari Biarritzen. Urrezko Besarkadaren xerka hamar film lehiatuko dira igandera arte iraungo duen jaialdiaren 24. edizio honetan. Aurten Ekuadorko zinema izango da protagonista. Alan Pauls eta Luis Sepulveda idazleak ere Biarritzen izango dira egunotan.

Arrazakeriari eta matxismoari kritika eginaz, lapurtutako haurren trafikoari erreferentzia egiten dion filma da “Ixcanul”, Biarritzeko jaialdian lehian arituko den luzea. Istorioaren ardatza maia jatorriko nerabe bat da, Maria, bizi den sumendiaren magala utzita hirian bizimolde berri bati ekin nahi diona.
Fikziozko istorio bat du iturburu filmak, egiazko gertakarietatik abiatuta baina. 70eko hamarkadan Guatemalako San Vicente de Papaya mendian erizain gisa aritu zen Jayro Bustamante zinegilearen ama, osasungintza publikoa toki baztertuetara eraman nahian. Gerrilla garaiak ziren, eta anitzen beldurra zen esterilizazio kanpaina bati ekin ziola Gobernuak. Jayroren amak Maria ezagutu zuen orduan, eta urte batzuk geroago semeari aurkeztu zion bere bizitza konta ziezaion. Kontakizun horretatik abiatuta egindako film luzea da zuzendari guatemalarrak Biarritzera dakarrena, askoren iritziz sari nagusia irabazteko hautagaia, batez ere Berlineko zinemaldian utzi zuen zapore gozoa eta gero.
Marc Bonduel ordezkari nagusia kontent ageri zen jaialdiaren irekieran, «biziki osasuntsu» daudela adierazteko. «Urtetik urtera ikusle gehiago ditugu, eta batez ere biarriztarrak dira aretoak betetzen dituztenak. Iaz 25.000 izan ziren ikusleak, eta anitz gehiago izan ziren kontzertu, erakusketa eta kultur ikuskizunetan». Horri lehiatzen diren luzeen, laburren eta dokumentalen kopurua eta kalitatea gehitu behar zaie, «ezagutza indartu ahala ahalegina ere indartsuagoa baita».
Bi idazle gonbidatu dituzte aurtengoan, Alan Pauls argentinarra eta Luis Sepulveda, Pinocheten garaian preso eta ondoren erbestean egondako idazle oparoa. «Lehen idazle gehiago ekartzen genituen, baina gero eta gutxiago ekartzea erabaki dugu, garrantzia eman nahi baitiogu atal honi, azken finean haien idatzietatik sortuak direlako film anitz. Gainera, oroitu nahi dut hasieran 80 pertsona biltzen zirela idazleen aipamenak zuzenean entzuten, eta orain 800 egoten direla».
Ekuador protagonista
Ekuadorko zinema izango da aurtengo protagonista nagusia. Ezezaguna den zinema baina urtetik urtera indarra hartzen ari dena; «norbait hara joan eta deskubritzeko zain dagoena», Bonduelek erran moduan. 2007an CNCINE sortu zutenean leihoak bezala ateak ireki zitzaizkion Ekuadorko zinemari, ordura arte pelikula bakar bat egiten baitzen lau urtetik behin, eta geroztik dozena bat inguru iristen baitira urtero aretoetara.
Rafael Correa Ekuadorko presidenteari buruzko lanek presentzia izango dute, bestalde, herrialdeari eskainitako dokumentaletan. Latinoamerikako kulturen jaialdia iragartzeko Gwladys Esnaultek egindako afixan ere ohoratu dute Ekuador, Chimborazo herrialdeko mendirik garaiena ageri baita bertan; hau da, Lurraren erdigunetik urrunen eta Eguzkiarenetik hurbilen den puntua.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
