GARA
DONOSTIA

Sortuk agertoki berrirako borondatea nabarmendu du

ETAren konponbidearekiko konpromisoa «agerikoa eta nabarmena» dela uste du Sortuk, eta bere azken agiria «erantzun politikoaren» islatzat jotzen du. Oso bestelakoa da estatuen jarreraz duen iritzia.

Sortuk uste du ETAk igorritako azken agiria «heldutasun adierazpen bat» dela, «eraso guztien gainetik bakearen eraikuntzan ekarpen berriak egin nahi dituen erakunde baten aldetik». Donostian prentsaren aurrean egindako agerraldian, Pernando Barrernak nabarmendu zuen aurreko astean polizia-operazio bat jasan duen erakunde baten agiria dela herenegun NAIZek eta atzo GARAk argitaratu zutena, eta edukiari dagokionez «erakundea- ren erantzukizun politikoaren isla» dela eta «aurrera egiteko borondatea» adierazten duela iritzi zion eledun abertzaleak.

Ildo horretan, Sortuk «agertoki berriak eraikitzeko ETAk adierazten duen borondatea» nabarmendu du, bere aburuz, «albiste ona» baita hori «ezbairik gabe». Agertoki berri horiek «gatazkaren ondorioen konponbidearekin lotuak joatea» nahiko luke alderdi abertzaleak, hots, «armagabetzearekin, preso eta iheslarien etxeratzearekin eta biktimen aitortza eta erreparazioarekin». Bide hori erreparatuz, Barrenak adierazi zuen bakearen eraikuntzan ETAk erakutsitako konpromisoa «Estatu espainolak erakutsitakoaren oso gainetik» dagoela. «Gustatuko litzaigu- ke –gaineratu zuen– Madrilek ‘agertoki berriak eraikitzeko borondatea’ adieraztea», nahiz eta «gaur-gaurkoz, Madril posizio arrazionaletara eramatea betegabeko aspirazioa» den.

Sortuk, gainera, ETAren agiriak «larritzekoa den gai bati eusten diola» aipatu du balorazioan, hain zuzen, «armagabetze prozesuak eraso polizialak jasaten jarraitzea eta ondorioz prozesu hori ezinezko bihurtzea» eta, «larriagoa litzatekeena, hainbat armategi kontrolik gabe geratzea». Alde horretatik, «inondik inora desiragarria ez den» egoera hori gertatuko balitz, haren ardura «polizia operazioak agintzen dituztenena» litzakeela uste du.

Barrenak adierazi zuen, halaber, ETAren hitzak «Euskal Herriak behar dituen konponbide agertokiak eraikitzen laguntzeko bide orri definitua duen erakunde» batenak direla, eta, aldiz, Baigorriko zein uztaileko polizia operazioen helburua dela «konponbide agertoki bat eraikitzeko ahalegin historikoa hankaz gora jartzea».