«Bidaia ona izan, eta laster arte»
Kafe baten bueltan elkartu gara laguna eta biok, gaur arratsaldean hartuko du hegazkina Gales aldera eta, hurrengo hilabeteetan ikusiko ez garenez, agurtzeko aitzakian. Urduri doa, eta neurri batean, halabeharrez agian, ilusio pixka bat ere badu. Ez da aisialdi bidaiek eragiten duten ezinegon gozo hori. Ez doa oporretan, lanik aurkitu ezinak bultzatuta ikasketen kate-maila berri bat osatzera baizik.
Unibertsitate ikasketak lehenengo, masterra ondoren, ikastaroak han eta hemen... eta tartean lan kontraturen bat edo beste; horixe izan du urteotan. Ezegonkortasuna ohitura bihurtuta, esperientzia berri honetaz ikas dezakeena da baikor-edo mantentzen duena. Aukeran, ordea, nahiago luke Euskal Herrian garatu bere ibilbide profesionala, nahiko luke behingoz gurasoen etxea utzi eta bizimodu autonomo bati ekin. Berak bezala, beste hainbat gaztek. Alta, aukerak dira falta direna, Adegiko presidenteak berriki, lotsa eta ardura izpirik gabe, kontrakoa sinetsarazi nahi izan duen arren.
Gure aurreko belaunaldiek bezainbeste estualdi pasatu ez ditugula aitzakiatzat hartuta, erosoegi bizi garela bota zuen. Etxean askotan entzun dut aitonak eramandako bizimodu nekeza, amonaren joan-etorriak neskame lanetan, baita gurasoak oso gaztetatik lanean hasiak zirela ere. Euren ahaleginak guri etorkizun hobea eskaintzeko izan ziren. Eskasiatik libre koskortu gara, baina orain bizimodua duintasunez garatzeko ezintasunak lotzen gaitu.
Horiek guztiak aipatu ditugu kafearen bueltan, «bidaia ona izan eta laster arte» esanda agurtzeko.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
