I.S.
GASTEIZ

Gasteizko antenei jarraipen zehatza egiteko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk antenei jarraipen zehatza egiteko eskatu zuen atzo Gasteizko Udaleko Ingumenen Batzordean, egun hiriko sei punturi buruzko azterketa baino ez dagoela salatu ostean. «Lehenik eta behin, kontrol eskasa iruditzen zaigu Gasteiz osoko sei punturi buruzko datuak baino ez izatea, are gehiago ikastola, adinduen zentroak eta osasun zentroak bezalako lekuak daudenean, eta bertan inongo kontrolik ez dagoenean», kritikatu zuen Iratxe Lopez de Aberasturik.

Koalizioko zinegotziak azaldu zuenez, egoera larria da sei puntu horien datuak ikusita. «Datuak ditugun puntu horietan, Enrique Knorr haur eskola edo San Prudentzio erresidentzian, emisioak %0,1tik gorakoak dira. Oso kezkagarria da», salatu zuen. Instalazio erradioelektrikoei buruzko txosten bat egin dadila ere eskatu zuen. «Gogorazi nahi dugu udal honek araudia aldatu zuela %0,1era heltzeko», gaineratu zuen.

Horren harira, Ceferino Maestu bioelektromagnetismoan eta biomedikuntzako ingeniaritzan adituak Solokoetxe ikastetxeko uhin elektromagnetikoen mailaren inguruan egin duen txostena aurkeztuko du Gasteizko Legebiltzarrean.