Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Haurdunaldi subrogatua

Jakinaren gainean ez denarentzat, haurdunaldi subrogatua bikote baten gametoei beste emakume baten umetokian bizitza ematea da. Historian zehar sarritan jazo den egoera. Moral kristauak preskribitzen dituen bikote ereduetatik harago dauden maitasun harremanetan ohikoa, munduko ingurugiro aurrerakoi askotan. Ideologia kontserbadoreko jendearentzat apokalipsiaren zigiluetako bat da.

Bide luzea egin da Ameriketako Estatu Batuetan, 60ko hamarkadan emakumeen eskubideen aldeko borroka modernoa abiatu zenetik. Ezbairik gabe, badirudi mende bat joan dela haurdunaldia eten nahi zuten gure inguruko emakumeek Parisko edo Londresko sotoetara jo behar zuten garaitik. Orduan, klandestinitatearen zigorra eta arriskua jasateaz gain, gizartearen estigma pairatu behar izaten zuten.

Horrexegatik, bitxia egiten zait Nosomosvasijas ekimeneko sustatzaileek Elizak abortua debekatzeko aipatzen dituen argudio berberak erabiltzea subrogazioaren aurrean, emakumeari subjektu erabakitzaile izateko eskubidea ukatzeko. Hots, bikote antzuaren haurrari bizitza ematen dion emakumeak ezin omen du inola ere prozesu hori libre eta borondatez egin, ezjakintasunak edo beharrizanak bultzatuta baino. Hau da, erabaki okerrak hartzen dituzten emakumeak tutorizatu behar dira.

Bitartean, Osasunaren Mundu Erakundeak haurdunaldi subrogatua lagundutako ugalketa tekniken artean zerrendatu du, Estrasburgoko Auzitegiak giza eskubideekin bateragarria dela esan du behin eta berriz eta ez dira gutxi subrogazioa arautzearen alde azaldu diren norbanako eta taldeak. Adibidez, Wendy McElroy kanadar feminista ospetsua. GIRE Latinoamerikako feminista talde ezagunak berriki argitaratu du emakumearen ugalketa eskubideen artean haurdunaldiaren subrogazioaren arautzea.

Joera sozialak ez dira desagertzen babes juridikorik ez emateagatik. Bigarren mailako hiritarrak baino ez dira sortzen horrela. Eta agian laster euskal gizarteak ezingo du ondo bereizi alderdi aurrerakoi eta atzerakoien artean.