Urdiñarben emango diote azken agurra Dominika Agergarai zendu berriari
Txapel askotako ekintzailea, euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen egindako ahalegina aitortzen diote, besteren artean, ezagutu zutenek. Bihar izango da hileta-elizkizuna.

Zuberoa bihotzean, askotariko alorretan engaiamendu bikaina erakutsi zuen gaixotasun baten ondorioz herenegun zendu zen Dominika Agergaraik, Olhaso ezizenaz ezaguna. Kulturan, laborantzan, pilotan eta naziogintzan, ekintzaile nekaezina izandakoa Muskildikoa zen sortzez, Urdiñarben bizi bazen ere. Hain zuzen, hango elizan emango diote azken agurra bihar, 16.00etan.
Proiektu askotako sustatzaile izan zen Agergarai. Berez artzaina, gaztagintzako Aizkorria kooperatibaren sorreran esku hartu zuen, esaterako. Bertako zuzendaritzako kide zen eta alor komertzialaz arduratzen zen. Laborantza bultzatzeko eta laborarien bizi baldintzak hobetzeko xedeek ELB sindikatuan obratzera ere eraman zuten.
Harremanetarako dohaina
Ezagutu zutenek harremanetarako zuen dohaina goraipatu dute. Horri esker, Euskal Herriko lurraldeen arteko loturak sendotzen ibilitakoa zen. Hala, Udalbiltzaren eskutik, Xiberoa Garatzen ekimenean buru-belarri aritu zen 58 urteko zuberotarra.
Aipagarria da, halaber, euskararen eta euskal kulturaren esparruan izan zuen inplikazioa. Xiberoko Botza irratiaren sortzaile eta ekintzaile aktiboa izan zen. Kantagintzarako zuen zaletasunaren isla da urtero Muskildin egiten den Musikaren Eguneko lanetan erakutsi zuen grina sorreratik. Zer esanik ez, pastoralak eta maskaradak antolatu behar zirenean, zuzenean parte hartu baitzuen hainbatetan (Harispe, Abbadia Urrüstoi).
Bere engaiamenduen zerrenda luzean ezartzekoak dira ere belaunaldi gazteei bertako kultura helarazteko (maskaradak erakusten eta Eskoriatzako unibertsitatean euskal kultur transmisio taldean) egindako ahalegina, Zuberoako pilota txapelketa sustatzen egindakoa ahantzi gabe.

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo
