Jon GARMENDIA
Idazlea

Okerrak zuzen

Izan liteke pelikula bat zure pentsamendu anitzen orube, eszena batzuekin identifikatu zarelako, zure burua istorioaren kontakizunean ezagutu duzulako. Eta izan liteke pelikula horren funtsa oker imajinatu duzula bestalde, zuk desira zenukeen bezala, eta ez zuzendariak bilatzen zituen sentsazioen neurrira. Gainera, okerragoa izaten da jakitea, filma, aurretiaz liburu izan zela; orduan, aditu, adiktu eta arituek azalduko baitizute gaizki egin duzula zernahi gisaz; lehenik liburua irakurri behar zenuela, edo, liburua hain ona izanik filmak ez duela kontakizuna egokitasunez agertzen, edo auskalo zergatik, baina jakinaraziko dizute ez duzula ongi egin.

Yuri Zhivagok poemak idazten zituen, baina idazluma aldatu zuen bisturiaren truke, mediku bilakatzeko. Eta Laraz maitemindu zela oroitzen dut, eta boltxebikeak, gerra, biziraupena, intimitatea, epika, eta drama. “Doctor Zhivago” filmaz ari naiz, antza, ongi ulertu ez nuenaz. Lagunarteko hizketaldi batean aipatu baitidate Boris Pasternak errusiarrak idatzitako nobela CIAk komunismoaren aurka erabilitako tresna izan zela Gerra Hotzean, desklasifikatu diren dokumentuen arabera. Eta David Leanen filma berriro ikusi behar dudala etorri zitzaidan burura, eta gisa bereko zenbat film oker ulertu ditudan ere bai, baina batez ere, ulertzen dugunak, eta guri sentiarazten digunak baino ez duela balio. Liburu zein pelikuletan. Bizitzan.