Laburuk eta Gaztelumendik badute aulki bana finalerdietan
Agin Labururi eta Beñat Gaztelumendiri 516 puntu kostatu zaie Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoetarako txartela. Urretxu-Zumarragako eta Errenteriako saio banatan bildu zituzten puntuok; erregular eta gorako ertzak marraztuz bakoitzak bere estiloan. Datorren asteburuan txapelketako trenak Zestoan eta Ormaiztegin geldialdi bana egingo du.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa final-laurdenen bagoian sartu da asteburuan Urretxu-Zumarragan eta Errenterian jokatutako saio jendetsu banarekin. Urretxu-Zumarragako Ederrena pilotalekuak 480 bertsozale bildu zituen eta Errenteriako Agustina Otaola Raketista Profesionala frontoiak, 590.
Larunbatean Agin Laburu izan zen lehena, 516 punturekin eta, igandean, puntu kopuru berdinarekin, Beñat Gaztelumendi. Beraz, Laburuk eta Gaztelumendik poltsikoan daukate finalaurrekoetarako txartela. Gainerakoek, falta diren hiru final-laurdenetako puntuazioaren zain egon beharko dute.
Agin Laburu, bizi-bizi
Larunbateko saioan Agin Laburu bizi-bizi aritu zen, berezkoa duen umoretik eta erantzuteko gaitasunetik. Ariketa guztietan mantendu zuen maila. Bakarkakoan hauxe zuten gaia: «Eskuetan duzu hainbeste desio izandakoa». Laburu aita izan da duela gutxi eta espero zitekeen alabari kantatuko ziola. Seigarrena zen kantuan eta aurretik bere bost bertsokideetatik lauk gaiari ertz berdinetik heldua zioten, aitatasun eta amatasunetik hain juxtu. Beñat Iguaran –sailkapenean bigarrena 491 punturekin– izan zen bide desberdina ibili zuen bakarra, partida ofiziala lehenengoz jokatzen zuen euskal selekzioko jokalariaren azaletik. Hartara, kartzelako gaian kolore desberdin gehiago izatea ederki eskertuko luke bertsozaleak.
Gainerakoan, saioa txukun joan zen eta bertsolari denek marraztu zuten beren koska. Iguaranek saio ona josi zuen, urduritasunari barruan duen bertsolaria gailendu zitzaion. Nerea Elustondok (490 puntu) utzi zituen sinadura propioko aleak, nahiz eta berak azken agurrean aitortu arratsaldea ez zela ederrena izan. Jexux Mari Irazuk laugarren tokia eskuratu zuen (473,5), lotu samar egindako saioan. Asier Azpiroz (470,5) eta Eli Pagola (459,5) freskotasunetik aritu ziren, apartatzeko moduko lanak utziaz.
Gaztelumendiren bakarkakoa
Igandean, berriz, Beñat Gaztelumendi gailendu zen Errenterian. Erregular jositako saioa kartzelako bikain batekin errematatu eta finalaurrekoetarako txartela ziurtatu zuen añorgarrak. Kartzelakoa osatzeko gaia hauxe zuten: «Zure izena bozgorailuetatik esaten ari dira behin eta berriz». Eta Gaztelumendi hondartzan galdutako haurraren ahotik bikain aritu zen.
Bigarren tokia Iñaki Gurrutxagarentzat izan zen (499,5), umorez eta fresko, berezkoa duen eran josi zuen bertso arratsaldea. Jon Martin izan zen hirugarrena (485,5), erregulartasunetik. Ane Labaka laugarrena (476), txapelketa honetan gozatzea eta gozaraztea helburu duela berriro garbi utziaz. Bosgarrena, Iñigo Manzisidor “Mantxi” (474,5), nahi baino gutxiago gozatuaz eta, seigarrena, Amaia Iturrioz (454), txapelketa honetako aurpegi berri ugarietako bat. Zentzu horretan, erakusleiho ederra izaten ari da Gipuzkoako txapelketa.
Fase honetan bada ariketa berri bat; hamarreko txikian binaka aritzen dira eta bertsolari bakoitzak agindutako roletik abestu behar du.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
