Hainbat erabaki gure esku dauzkagun arren...
Asteotan, izan Galiziako neskatoaren harira edo Bonnemaison sendagile hazpandarraren auziarengatik, heriotzaz mintzatzeko aukera izan dut nire inguruan. Agian, aukera baino, ausardia esatea egokiago litzateke. Izan ere, nahiz eta inoiz jakin ez dakigun dama beltza ate joka noiz etorriko zaigun, horrelako kasuek heriotza duinaz, eutanasiaz, sufrimenduz eta, oro har, gure egunak zer baldintzatan bukatzea tokatuko zaigun zer pentsa ematen digute.
Pentsatu bai, baina hitz egin…. Ai! Hori beste kontu bat da. «Une latza izaki ere, lehen aitona edo izeba zaharra hiltzen ikusten zuten etxeko haurrek ere», esan zidan aste honetan elkarrizketatu dudan Ipar Euskal Herriko Duintasunean Hiltzeko Eskubidearen Elkarteko kide batek. Halaxe zen. Aldiz, gaur, azkena izanik ere bizitzaren pasarte saihetsezin hori ezkutatu egiten zaie askotan. Gure kulturan ez zaigu hezten hil egingo garela naturaltasunez onartzera.
Adinarekin azken fase horretarako «txartel» gehiago metatzen goazen heinean, ordea, gero eta maizago bururatzen zaigu une hori nolakoa izango den. Alta, trantze horretara iritsita, eta egungo legeek dituzten muga guztiak kontuan hartuz ere, zer nahiko genukeen edo, hobeto esanda, zer nahiko ez genukeen argi adierazteko, izan hitzez edo hilburuko berezko dokumentu batean jasoz, arazoak ditugu.
Eguna joan eta eguna etorri, erabakitzeko eskubideaz jarduten dugu. Bada, esparru horretan ere badugu zer esan eta zer erabaki, baina koldarkeriaz edo beldurrez gehienetan gure senide edo ingurukoen gain uzten dugu zama hori.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
