Jon GARMENDIA
Idazlea

Bertze

Oroitzen dut «Kultura ETB bezalako komunikabideetan eskaini behar den zerbitzu publikoa da» erran zuela. Oroitzen dut albistegia aurkezten zuela telebistan, eta euskara eder eta zuzena baliatzen zuela. Oroitzen ditut bere «bertze» eta «hainbertze», «frango» eta «aunitz». Gaizka Aranguren zen. Da. Orduko albistegiak “Gaur egun” izena zuen, eta gaur egun ere hala izena du, baina denbora horretan zerbait aldatu da. Ez da berak aurkezten ez duela; nahiz eta noiz ez dakidan egun batean desagertu egin zen pantailatik; ez da berriak emateko manera ere, aldatu dena ikusleen kopurua da, bailirudike desleialak bihurtu gatzaizkiola euskaldunon telebista publikoari; ETB ez baitago gure begietan, eta bai begi puntuan. Oroitzen dut Juan Kruz Lakasta ere, Euzkitzerekin “Sorginen Laratza” berotzen, umorearen su apalean. Fina zen, eta bikaina komunikatzen. Eta “Kate motzean” gidatzen zuen “Euskaldunon Egunkaria”-n, eta kate motzean lotu zuten ere kartzelan, intsumiso izateagatik, Gaizka bezala. Kasualitatea? Ez dut uste. Bueno, orain, Labrit multimediaren eskutik “Navarra: 100 dias de cambio” ikusgai eman dute ETB2n, Gaizka zuzendari eta Juan Kruz aurkezle izanda. Eskertzen da Nafarroa Garaiari buruzko begirada zintzo hau, errealitatea gardenki agertzeko manera gisa. Baina Aturritik Ebrora, telebista eduki interesgarriz bete daitekeela erakustea da gehien eskertzen dena, bertze telebista publiko bat posible dela agertzea. Ea saioak jarraipena duen, eta ea antzekoekin programazioa zentzuz betetzen duten, ikusle kuota ez baita hobetuko aitaren egin eta zain jarrita.