J.L.
Nafarroakoa

Beti Gaztek eta Berriozarrek txapela ia erabakita utzi dute

Beti Gazte eta Berriozar izan dira Nafarroako Txapelketako bigarren jardunaldiko bi talde onenak. Hala, aurreneko jardunaldiko emaitzak errepikatu ziren.

Mutiletan Beti Gazte izan da berriro ere talderik onena. Lesakakoek jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta txapela ia lortuta utzi zuen, jardunaldi bakar bat geratzen baita guztia amaitzeko.

Bigarren postuan Berriozar sailkatu zen. Galdu egin zuen Beti Gazterekin, baina Txantreari irabazteko modua egin zuen. Iruindarrak, berriz, azken geratu ziren, arratsaldean jokatutako saioak galduta. Sailkapen nagusian ere Beti Gazte dago lehen postuan.

Maila mistoan Berriozar izan zen berriro ere bigarren jardunaldiko talderik onena, lehen jardunaldian gertatu bezalaxe. Horretan ere jardunaldi bakarra geratzen da amaitzeko, eta txapela lortzeko urrats garrantzitsua egin du. Horrenbestez, azken jardunaldian zerbait handia gertatu beharko litzateke berau txapelik gabe geratzeko.

Bigarren postuan Txantreak amaitu zuen Kaskailuetari irabazi eta Berriozarrekin galduta, eta Kaskailuetak itxi zuen sailkapena, tiraldi guztiak galduta. Sailkapen nagusian ere Berriozar dago lehen postuan, bigarren Txantrea, eta azkena, berriz, Kaskailueta.

Atsedena

Orain atseden hartzea dagokio txapelketa honi eta hemendik bi astera Aldatzen jokatuko da hirugarren eta azkeneko jardunaldia. Bukaerako saio horretarako ia dena erabakita iritsiko dira, eta oker handia, ikaragarria, gertatu beharko litzateke Beti Gazte eta Berriozar txapelik gabe geratzeko.