COP21-ari begira, Bizik hiru aulki ebatsi ditu bigarrenez HSBCren Baionako bulegoan
HSBC bankuak Suitzan duen ezkutuko diruaren berri emateagatik Herve Falcianiren aurkako epaiketa hasi zen egunean, atzo, banku horren Baionako bulegoan hiru aulki ostu zituen Bizi talde altermundialistak.

Klima aldaketaren kontra borrokatzeko dirua badela diote Bizik eta eragile ekologista eta altermundialistek; baina paradisu fiskaletan dagoela salatzen dute. Oinarri horretatik abiatuta, zergei ihes egiteko dirua ezkutatzen laguntzen duten bankuen kontrako kanpainarekin bat egiten du Euskal Herriko mugimendu altermundialistak. Hala, abenduaren 6an Parisen abiatuko den COP21 goi bilerari begira Estatu frantses mailan 196 aulki ebastea dute helburu.
Hain zuzen, Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketaren kontra ekiteko antolatutako gailur horri begira, COP21 Bortizkeriarik Gabeko Ekintza ekimena antolatu da. Horren baitan, dinamika horretako eta Biziko 24 kidek atzo, goizeko 10:30ean, HSBCren Baionako sukurtsaleko hiru aulki bahitu zituzten.
Horren ondotik, eguerdi aldera polizia bat Biziren egoitzara hurbildu, eta beharbada berau miatuko zutela adierazi zien bertan ziren kideei, baina ez zuten hala egin. Biziren kontrako beste prozedura administratibo bat irekitzeko aukera ere badagoela erran zien, bigarren aldia baita sukurtsal horretan aulkiak ebasten dituztena.
Lehen ekintza otsailaren 12an egin zuten, Herve Falcianik, HSBCko informatikariak, bankuaren datuak ezagutzera eman eta bi egunera. Falcianik barne datuak zabaldu zituen, bereziki “Le Monde” egunkariari eta Estatu frantseseko zerga zerbitzuei. Horri esker jakin da 2006ko azarotik 2007ko martxora bitarte 180.000 milioi euro mugitu zirela zergei ihes egiteko edo horretarako propio sortutako enpresen bidez dirua zuritzeko. Eta ondorioz sei hilabete horietan 2.500 milioi euro saihetsi zirela.
Zortzi aulki bahitu zituzten altermundialistek lehen ekintza horretan, «botere publikoen eta jendartearen esku uzteko, edo zerga ihesaren kontra eta trantsizio sozial eta ekologikoaren alde borrokatzen diren elkarteen zerbitzura jartzeko». Otsailaren 18an, lehen ekintza egin eta sei egunera, poliziak Biziren egoitza miatu zuen, baina zortzi aulkietatik hiru besterik ez zituen aurkitu, besteak jadanik banatuak baitzituzten.
Atzo, hiru aulki horiek ebatsi zituzten berriz, Suitzan Falcianiren kontrako epaiketa hasi zen egunean, eta COP21erako agertuko dira Parisen. Bizik lehen ekintzaren ondoren aulkiak bueltatuko zituela erran zuen, baldin eta HSBC-k Estatu frantsesari zor zizkion 2.500 milioi euroak bueltatzen bazizkion. Horrela gertatu ez zenez, hiru aulki horiek berriz hartu ditu.
Babes zabaleko kanpaina
Aulkiak ebasteko hainbat ekintza izan dira Estatu frantsesean. Ekintzen deialdia politika, gizarte, kultura eta bestelako arloetako jende ezagun ugari eta askotarikoek sinatu zuten, paradisu fiskalek Europar Batasuneko erakunde publikoetako aurrekontuei bilioi bat euroko galera ekartzen dietela salatzeko.
196 aulki ebastera deitzen dute, Nazio Batuen Erakundean diren estatuak bezainbeste. Herrialde guztien artean klima aldaketa gelditzeko beharrezkoa litzatekeen bilioi euroa aurkitzeko ezgaiak direla salatzen dute. Baina dinamika abiatu dutenen esanetan, dirua egon badago, Tax Justice Networkek esan duenez, 20 bilioi euro paradisu fiskaletan baitira.
Igandean, Baionan, Bizik eta COP21 Bortizkeriarik Gabeko Ekintzako kideek Parisko gailurrari begira bortizkeriarik gabeko ekintzen ikastaroa eman zuten, doan eta denei irekia. Izan ere, datozen hilabeteetan «mugimendu hau ugaritu» egingo dela aurreikusten dute.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
