Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«El ataud de cristal», glamourraren ispilu lausoenari begirada

Donostiako Beldurrezko XXVI. Zinema Astean aurkeztu du Haritz Zubillagak «El ataud de cristal» filma. Amanda da postprodukzio fasean dagoen pelikula honetako protagonista: inguratzen duen bizimoduaren ispilu den luxuzko limusina batean harrapatuta geratu eta, bizirik irten nahi badu, agintzen dioten oro bete beharko du.

Amanda (Paola Bontempi) bere antzezle ibilbidea saritzen duen ekitaldira joateko etxe atarian zain duen limusinara igo da. Bere luxuzko bizitzaren gorabeherak gogoan dituen artean, leihoak beltzez tindatu dira eta ateak blokeatuta daudela ohartuko da. Sakelakoa ere ez dabil. Egonezin horretan, ahots bat entzungo du: limusinatik bizirik irten nahi badu, hark esaten diona bete beharko du.

Hala abiatzen da Haritz Zubillagak zuzendutako lehen lan luzea. Orain lau urte Kimuak programaren bidez egin zuen “She’s lost control” laburraren gidoia landuta osatu du bilbotarrak egun postprodukzio fasean dagoen pelikula eta atzo aurkeztu zuen jendaurrean, Donostiako Fantasia eta Beldurrezko XXVI. Zinema Astearen barruan. «300.000 euroko aurrekontu murritza izan dugunez, elementu gutxiko pelikula bat egitea izan da bidea; elementu bakoitzari ahalegin handia eskaini diogu, kalitatea ezarri nahian», azaldu zuen Galder Gaztelu-Urrutia produktoreak.

Izan ere, filmaren trama limusinaren barruan gauzatzen da osorik eta horrek filmaketa zaildu duela esan zuen zuzendariak: «Limusina baten dimentsio erreala errespetatu eta aldi berean kamera mugitu eta travellingak egin nahi genituenez, espazioa egokitzea izan da zailena». Filma «oso generokoa» bada ere, kontatzen den istorioa «unibertsala» dela nabarmendu zuen: «Thrillerra eta beldurrezko filma da aldi berean, eta ispiluen labirinto gisa planteatu nuen; eskuragaitz zaizkigun erronkez jositako munduak atzean duen begirada iluna».

Efektu berezien erakusketa

Beldurrezko Zinema Astearen karietara aurkeztu dute, baita ere, abenduaren 19ra arte Okendo kultur etxean ikus daitekeen “Iberia FX” erakusketa. Bertan, estatu mailan efektu bereziek XX. mende hastapenetik hasi eta egungo sistema digitaleraino izan duten bilakaera aztertu eta arlo horretan dabiltzan eta ibili diren profesionalei omenaldia egin nahi zaie.

Ikusgai daude, besteren artean, itsaspekoen maketak, espazio-ontziak, historiaurreko munstroak, haur mutanteak eta momifikatutako tenplarioak. Hainbat panel, diseinu eta kartelek osatzen dute erakusketa.