Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Europa asimetrikoa

Zorionekoak gu, euskal independentistok, datozen urteetan garatuko dugun prozesu eraldatzailea diseinatzeko sekula amestu genuena baino informazio gehiago izango dugulako aldez aurretik. Diktaduraren garaiko erresistentzia estrategiari zegokion konfrontazio armatutik, borondateen batuketan oinarritutako eraldaketa politiko eta soziala helburu duen konfrontazio demokratikora bitarteko berrantolakuntza fase honetarako elikagaia. Zientzia sozialetan ezinezko bezain desiratuak diren laborategi erraldoi bi antolatu dizkigute neba-arreba eskoziar eta kataluniarrek.

Glasgowko aldirietako laborista historikoen boto independentistak erakutsi zigun prozesuak eraldatzailea izan behar duela, eratzailea soilik balitz porrot egingo lukeela. Independentziak bizitza hobe bati lotutako ilusioa eragin behar du.

Edimbrako auzo historikoki abertzaleen ezezko botoak erakutsi zigun «nazionalista» hitzak ez diola mesederik egiten independentismoari. Beti boterean egon direnen oportunismoa ezkutatzeko leku bikaina izateaz gain, internazionalki hoztasuna eragiten du eta zenbat garen jakitea eragozten digu. Junts Pel Sik ez ditu Esquerrak gehi CIUk adina boto bildu. Yanis Varoufakisek esan ohi duen moduan: «Botereak adimen beldurtiak kontzentratzen ditu».

Kezkagarria da bozketa erabakigarrien aurrean herritarrak bizi duen informazio asimetria. Ezetzaren aldekoek beti dakite zeintzuk ondorio izango dituen independentziak. Baiezkoaren aldekoei, ostera, ez zaie halakorik entzuten. Asimetria horren eragileetako bat Europar Batasunaren jarrera izan liteke. Bruselari argi utzi behar zaio XXI. mendean norbanakoaren eskubideetatik eskubide kolektiboetarako jauzia demokratikoki gauzatzeko trabak ipintzea barne tentsioak areagotu eta herritarrak erakunde supraestataletatik are gehiago urruntzea besterik ez dakarrela. Faktura garestiegia batzuen nostalgia inperiala pozik mantentze soilaren truke.