Maider Alustiza Lasa
Jon Enparantza presoaren emaztea
KOLABORAZIOA

Jon Enparantza eta Arantza Zulueta, noiz arte torturapean?

Imajina ezazu zeure burua honako egoeran: 500 egun, eta kantak dioen moduan 500 gau bakar-bakarrik, inorekin mintzatzeko, besarkatzeko, barre edota negar egiteko paradarik gabe. Zer egingo zenuke?

–Zeure buruarekin solastatuko zinateke? Ez duzu ispilurik ordea...

–Irakurri? Bi liburu gehienez hilabetean.

–Kirola? Ez tresnarik, ez eta espaziorik ere. 10 x 20 metroko patio umela besterik ez.

–Kanpoaldeko basamortuko kilometro luze bezain bizigabeek eskaintzen duten parajeari so, orduak pasatzen utzi? Hormigoia besterik ez zenuke izango lagun. Beheko solairuan zaude, pareta sendoz inguratuta, sareak nonahi. Begiradak hamar metrora, talka. Egunean lau ordu dituzu eguzkiaren argiaz gozatzeko, baina gaur ere ekiak ez du tarterik aurkituko zulo hotz hura goxatzeko.

–Ikasketak egiteko baliatu zenezake. Egunean hogei orduz zeure ziegan egongo zara. Hotzak ez dizu denbora luzez esertzen utziko. Hezetasunak hormigoizko mahaia eta lurra busti ditu. Komuna edo... halako zulo zikin bat lurrean. Dena eskura, luxu guztiak helmenean. Horiek arauak, hauxe joko zelaia.

Astean behin maite dituzunak ikusteko aukera emango dizute, 40 minutuz, kristal baten atzean eta telefonoa eskuan hitz egin beharko duzularik. Dena grabatuta. Hamabostean behin, bi ordu etxekoekin, barrotedun leihoa duen gelatxo batean giltzapetuta, grabatuta. Horixe izango da kontaktu fisiko bakarra, profita ezazu! Noski, maiteek 500 edo 1.000 kilometroko bidaia egin ostean. Bisita duzu arnasa. Bidaia senideei inposatutako kondena ankerra.

Egunero espetxe funtzionarioak ikusteko abagunea izango duzu. Zorionekoa zu! Patiora irteten zaren bakoitzean goitik behera miatuko zaituzte, baita zure ziega ere.

Sekretu bat esango dizut: baduzu arauen aurka jotzeko bidea, eskubidea. Debekaturik dago edozein gizaki horrelako egoeran edukitzea. Nazio Batuen Batzar Nagusiak zera erabaki zuen: «debekatuta dago hamabost egunetik gorako isolamendua, hortik aurrera tortura gisa hartuko da»; hamabost egunetik gorako erabateko isolamenduak ondorio psikologikoak ekar ditzakeelako, baita luzapenaren arabera atzera bueltarik ez duten ondorio bortitzak ere. Giza eskubideak zure alde daude, Nazio Batuak ere bai... Baina edozein giza eskubideren, lege europarren eta nazioarteko erabakiren gainetik salto egiten duen salbuespeneko legedia duzu aurka.

Arantzak eta Jonek ia bi urtez pairatzen dute bakartze basati hau. Etengabe, emeki-emeki, aplikatzen zaizkien egun luze eta amaigabeetako tortura da bakartzea. Baita haiek maite ditugunentzat ere. Baina bakartuak egonagatik, ez daude bakarrik, bihotzean daramatzagu.

Eta hau guztia, epaitu gabe daudelarik. Kausa bereko beste denak kalean daude, juridikoki eutsiezina bada ere lotsagarria baita euskal preso politikoen bitartekari izateagatik espetxean atxikitzea. Baina fiskalak zera esan zuen: «en el caso del resto deciden los jueces y en el caso de Arantza y Jon deciden los ministros». Eta ez omen dira preso politikoak... Kalean utzi edo behin-behineko kartzela bi urte gehiagoz luzatzeko erabakia hartuko du Estatuko Auzitegiak abenduan. Utz ditzatela aske!

Espetxealdiaren helburua presoen gizarteratzea omen da. Hain dramatikoa ez balitz, barrez lehertuko nintzateke! Gizarteratu non? Ikastolan? Familian? Auzoan? NBEko torturaren kontalariak dio bakartzearen luzapenak birgizarteratzearen aurkako jarrerak garatu ditzakeela. Inork zalantza ote du oraindik pertsona akabatzeko modua besterik ez dela espetxe politika hau eta horren adibide isolamendua dela? Garaipen politikorik atera nahi badute hemendik, alferrik ari dira. Garaipen politikorik ezean, pertsona bera gizaki gisa ezeztatu nahiak bultzatuta dabiltza.

Zer egingo zenuke zuk horrelako egoera batean? Are zailago: ea lortzen duzun gure lekuan jartzea. Zer egingo zenuke gehien maite duzun pertsona, semea, emaztea, aita... ia bi urtez bakar-bakarrik horrelako egoeran egongo balitz?

Eta herriaren ordezkariak zareten horiei, giza eskubideen alde lan egiten duzuen orori: zer egin behar duzue zuen bi herritar egoera prebentiboan ia bi urtez tortura hiltzailea pairatzen ari direla jakinik?

Bakardadea pertsonak suntsitzeko arma da. Ez al da egoera bortitz eta onartezina espainiar zein frantziar espetxeetan gertatzen dena? Ez al dugu amaitu behar sufrimendu ororekin? Herri honetan jende gehiegik sufritu du, alde guztietan. Familia batzuk orbainak itxi nahian dabiltza eta hori ere egin behar dugu; beste herritar batzuen zauriak odoletan daude, ordea. Noiz bilakatuko ditugu orbain?

Hamaika gutun idatz genitzake bakoitzak bere senideak pairatzen dituen bidegabekeriak adieraziz. Une honetan Arantza eta Jonekin pauso bat gehiago eman dute, baina gogoan dut Eneko, hiru hilabetez bakarturik Alcalan; gogoan, gaixorik eta egoera larrian dauden euskal preso politikoak. Gogoan, neurri politiko gizagabeak nozitzen dituen euskal preso politikoen kolektiboa. Une oro gogoan ditut haien familiak. Defentsa eskubiderik gabe, senide izate hutsagatik errepidean bizitza arriskuan jartzera kondenatua izandako oro, salbuespenezko legedi hiltzailearen ondorioak pairatzen duen familia oro, eta bereziki laguna edo senidea ikustera zihoazelarik errepidean hildako hamasei euskal herritarrak eta haien familiak.

Lehentasunez, orain eta denon artean ekarri behar ditugu etxera.