Jon LEUNDA
Entrevue
JULEN ETXABEGUREN
DUNDEE FC TALDEKO JOKALARIA

«Orain dela urtebete ez nuen pentsatzen Lehen Mailan jokatuko nuenik»

Zubietara Realeko harrobiko partidak ikustera joaten ziren zale askok uste zuten Julen Etxabeguren lehen taldeko hamaikakoan jokatzera iritsiko zela. Atzelari fina eta segurua, horrelakoxea zen gipuzkoarra, eta egun ere hala da. Realeko bigarren taldera iritsi zen, eta ikasketekin jarraitzeko Eskoziara joan zen. Han, Dundee FC taldean ari da, bertako Lehen Mailan.

Lehen urtea du Julen Etxabegurenek Dundee FC taldean jokatzen, Eskoziako Lehen Mailan. Une honetan lesio txiki batek zelaietatik kanpo utzi baldin badu ere, laster berriro jokatzeko moduan izatea espero du, ohikoa baita eskoziarren hamaikakoan, eta orain arte, gainera, egindako lana ere ona izaten ari omen da.

 

Nola zabiltza Eskozia aldean?

Oso ongi eta gustura. Une honetan lesio txiki bat dut, eta asteburuko partida ezin izan dut jokatu, baina gainerakoan entrenatzaileak konfiantza handia erakutsi du nirekiko, eta asko ari naiz jokatzen. Azken batean jokatzen ari zarenean, eta entrenatzailearen gustukoa zarela ikusten duzunean, gauzak errazago joaten dira.

 

Nolatan iritsi zara Dundee FC taldera?

Egia esan, niretzat ere ezustea izan zen. Eskoziara ikastera etorri nintzen eta joan den urtean ezin nuen talde profesional batean jokatu eta laugarren mailako talde amateur batean jokatu nuen. Beraz, berriro ere goi mailara iristeko aukerarik ez nuen ikusten, edo gutxienez oso zaila iruditzen zitzaidan, baina aurten Lehen Mailan ari naiz. Dundeeko entrenatzaileak ikusi zituen nire partida batzuk, eta gustatu egin zitzaion nire jokatzeko era, eta proba batzuk egiteko eskatu zidaten. Horiek gainditu, eta gero egin zidaten eskaintza onartu nuen, eta hemen nago.

 

Zergatik galdu zenuen goi mailara itzultzeko itxaropena?

Galdu, galdu, ez dakit, baina talde amateur batean, laugarren mailan ari zarenean, oso urruti ikusten duzu maila gorenean jokatze hori, eta konturatzen nintzen oso-oso zaila izango zela. Hala ere, hemengo teknikariei ez zaie ardura zein mailatan ari zaren, baizik eta zure jokoa nolakoa den. Alde horretatik zortea izan dut, Dundeeko entrenatzailea gure partidak ikustera joan zelako, eta hortik etorri da Eskoziako Lehen Mailan jokatzeko aukera.

 

Zergatik ezin zenituen ikasketak eta futbol profesionala uztartu?

Iaz ikasketekin praktikak egin behar nituen, eta horiek goizetan izan behar zuten. Ondorioz, ezinezkoa zen talde profesional baten erritmoari jarraitzea, eta horregatik erabaki nuen futbolean talde amateur batekin segitzea. Astean bi bider entrenatzen nintzen, eta iluntzeetan. Horrela gustukoa nuen zerbait egin ahal izan nuen. Behin ikasketak gaindituta eta talde profesional batean jokatzeko aukera izan dudanean, ez dut zalantzarik egin.

 

Nolako maila aurkitu duzu Eskoziako Lehen Mailan?

Ona. Nire iritzian maila oso itxurosoa dago, jokalari oso onak daude hemen, eta Eskoziako Lehen Maila oso lehiakorra dela iruditu zait. Oso maila polita da jokatzeko.

 

Hala ere, lehen postua beti erabakita egoten da, ezta?

Bai, hori horrela da. Une honetan Celtic gainerako guztien gainetik dago, eta garbi dago berari lehen postu hori kentzea ia ezinezkoa dela, baina gainerako postuetarako lehia oso polita izaten da.

 

Zein izango da Dundee FC taldearen helburua?

Iaz seigarren amaitu genuen, eta aurten postu hori hobetzea izango da helburua. Une honetan zazpigarren gaude; beraz, borroka horretan ongi gaude. Lehen postua lortzea oso zaila da, eta bigarrena ere bai segur aski, baina gero aukera ederra daukagu hortik gertueneko postuetan sartzeko. Gainera, Kopa ere hor dago, eta hori ere oso lehiaketa polita da.

 

Rangersen igoerarekin gauzak lehengora aldatuko dira Ligan?

Pentsatzen dut baietz. Diru arazoak tarteko, Rangersek behetik hasi behar izan zuen, eta orain Bigarren Mailan lehenengo dago partida guztiak irabazita, eta Lehen Mailara igotzen direnean, pentsatzen dut berriro ere Celticen pare egon nahiko dutela, eta lehengo lehia hori izango dela berriro. Gainerakoentzat ere lehiaketa hori oso polita izango da, nahiz eta Rangers igo. Esan bezala txapelketa lehiakorra da, eta Rangers berriro ere onenen artean izatea Eskoziako Ligarentzat garrantzitsua izango da.

 

Nolakoa da jendearen erantzuna?

Bikaina. Zelaietan egoten den giroa ikaragarria izaten da. Hemen jendea aurrena bere herriko taldearen jarraitzailea da, berdin da zein mailatan dagoen. Gero izan dezakete bigarren talde bat, baina aurrena herrikoa. Harrigarria da ere kanpoko partidetara joaten den jende kopurua. 

 

Eskoziako komunikabideen artean Ingalaterrako Ligak dauka lehentasuna edo bertakoa dago aurretik?

Komunikabide handietan agian Ingalaterrakoari emango diote garrantzia, baina besteetan Eskoziakoak du lehentasuna. Hemen futbolak garrantzi handia dauka, eta hori komunikabideetan ere nabaritzen da.

 

Etxera itzultzeko asmorik bai?

Nik oraingoz egunerokoa bizi nahi dut, eta hori Dundee taldean daukat. Orain dela urtebete ez nuen pentsatzen Lehen Mailan jokatzen ariko nintzenik, eta horrelaxe ari naiz. Gerora, ikusi beharko da. Eskaintza interesgarri bat jasoz gero, agian itzuliko nintzateke, edo hemen jarraitu, egia esan, ez dut pentsatu. Denborak esango du.