PAI planifikaziorik gabe ezarri zela dio Mendozak
Yolanda Barcinaren Gobernuak ingelesa oinarri duen PAI programa planifikaziorik gabe ezarri zuela nabarmendu zuen atzo Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak.

Jose Luis Mendoza kontseilariak atzo Parlamentuan egin zuen agerraldian adierazi zuenez, Barcinaren gobernuak Nafarroako hezkuntza publikoan ezarritako PAI programa –ingelesa da irakas hizkuntza–, behar besteko planifikaziorik gabe egin zen. «Ziztu bizian, bat-batean eta aniztasuna kontuan hartu gabe» egin zela gaineratu zuen.
Hortaz, ezinbestekotzat jo zuen PAI goitik behera aztertzea, hobetzerik ote den ala ebaluazio egokia duen beste sistema batek ordeztu behar duen ikusteko.
«Ebaluaziorik gabe ingelesezko irakaskuntza ezartzea akats larria da», esan zuen Mendozak. Irakasleei dagokienez, esaterako, «ez da gauza bere ingelesezko titulu bat izatea edota ingelesez irakasteko gai dela frogatzen duen titulu bat izatea».
Halako programa bat ezartzea aldez aurretik aztertu gabe zer-nolako ondorioak izan ditzakeen ez dela komeni ohartarazi zuen kontseilariak. Azaldu zuenez, «PAIri buruzko dokumentazioa eskasa da, bigarren mailako arauak dira eta ez dute corpus legal bat osatzen. Planifikaziorik gabe ezarri den programa baten ezustekoak konpontzeko egin dira arau hauek».
Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Ek) Mendozak emandako azalpenekin eta PAI sakon aztertzeko erabakiarekin bat egin zuten.
Bestelako jarrera izan zuen UPNko Alberto Catalan eledunak. Bere ustez, PAIri buruz hartu den erabakiak «jarrera erabat politiko bati» erantzuten dio. «Arauak egon badaude. Afera da arau hauek baztertu eta mespretxatu egin dituzuela», leporatu zion Catalanek Hezkuntza kontseilariari.
PSNko Carlos Gimeno gogor aritu zen Mendozaren kontra. «Erabat txundituta nago», esan zuen, kontseilariari erabakiak hartzeko garaian aurreiritzietan oinarritzea egotzi aurretik. «Badakigu PAIk gabeziak dituela, baina zuri hori kudeatzea tokatzen zaizu. Eta utziozu balorazioak egiteari eta luzamendutan ibiltzeari», gaineratu zuen.
PPko parlamentari Javier Garciak Legebiltzarrera «konponbiderik ez ekartzea» leporatu zion Mendozari. «Konponbiderik gabeko kritikak PAI programaren kalterako dira», esan zuen.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
