Vatikanoko xahubidea, Italiako hedabideetan
Xahubidea, txiroenei laguntzeko dirua eta ondasun higiezinak kudeatzetik lortutakoa alferrik gastatzea, Vatikanoko finantzen ezaugarrietako bat da, aurki kaleratuko diren liburuek diotenez.

Lucio Angel Vallejo Balda apaiz espainiarra eta Francesa Chaouqui emakume italiarra atxilotu eta galdekatu dituzte asteburuan, Vatikanoko informazio sekretua zabaltzea leporatuta, Vatikanoak berak jakitera eman duenez. Atzo, egunkariak bi atxilotuek emandako dokumentuek kontatzen dutena plazaratzen hasi ziren. Baliabide ekonomikoak gaizki erabili izana eta xahubidea salatzen dituzte Gianluigi Nuzzik “Via Crucis” liburuan eta Emiliano Fittipaldik “Avarizia” izenburukoan. Bihar bertan argitaratuko dira aipatu bi liburuak.
Liburu horien oinarrian Vallejo Landak eta Chaouquik filtratu dituzten dokumentuak daude (apaizak atxilotuta jarraitzen du, eta emakumea astelehenean aske utzi zuten, ikerketan laguntzen ari delako). Vatikanoaren egitura administratibo-ekonomikoa antolatzeko batzordeko kide izan ziren bi atxilotuak 2013an, Frantzisko aita santuaren agindupean, eta horregatik zituzten orain hedabideek argitara ateratzen ari diren paperak.
“La Repubblica” egunkarian plazaratu duen artikulu batean eta elkarrizketa batzuetan Fittipaldik jakinarazi duenez, aita santuaren karitate proiektuak kudeatzen dituen organoak bestelako gastuetarako erabili zuen dirua 2010ean, ez behartsuenei laguntzeko: «Misioetako funtsak 139.000 euro zituen donazioei esker, baina azken bi urteotan 17.000 euro baino ez dira eman misioetarako».
“L'Espresso” egunkariko kazetariak salatu egin ditu bi atxiloketak, informazio bera lortzeko ehunka iturri daudela esan ondoren. Erantsi du Bambin Gesu fundazioak, teorian Vatikanoak kudeatzen duen erietxe pediatrikoari laguntzeko sortuak, Tarciso Bertone Estatu idazkari ohiaren etxebizitza berritzeko erabili zuela dirua, elizgizona erretiratu ondoren.
Vatikanoko bankuak makina bat kontu korronte «susmagarri» dituela eta Erroma hirian zenbat ondasun (etxeak eta lokalak) dituen ere ez dakiela (ez dago erregistrorik eta kasu askotan oso merke alokatzen dira) jakinarazi digute filtrazioek.
«Ikusi egiten den dirua gordetzen ez badakigu, nola gordeko ditugu ikusten ez diren fededunen arimak?», esan zuen Frantziskok bilera batean, grabazio batean jasota omen dagoenez.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
