Gaurtik 17 minutu
Arratsaldeko bostak eta 6 minutu, hortxe hartzen du bere sehaska gure eguzkiak. Ordubete aurreratuak bizi omen garenez, arratsalde erdi-erdian, seiak eta 6 minutuan etzaten da eguzkia gaur. Bihar, minutu bat lehenago, etzi beste minutu bat arinago... eta horrela, minutuz minutu aurreratuko du bere erretiroa. Hil honen 20 aldera, agudo pasako da minutu erdiraka mantsotzera. Alegia, 17 minutuan hartuko du neguko erretiro berantiarraren topea: laurak eta 48 minutu (erlojuetako 6ak 12 minutu gutxiago) izango du erretiro atzeratuena gure eguzki baldartuak. Eta hauxe bitxia: abenduko 3tik 13ra, minutu berorretxetan etzango da gure mendien kaxko babesean. 13an, Santa Luzia egunez, minutu bat atzeratuko du.
Eguzkiaren neguko atzerapena, beraz, ez da negukoa, udazkenekoa baizik. Santaluzitan hasten baita mantsoago ezkutatzen. Negu ofizialean sartzen gaituztenerako, hiruzpalau minutu atzeratzen du eguzkiak erretiroa, udaberri peskizan. Bazekiten ongi, baserri asko eta ugaritan jakin ere, eguzkiaren errainuaren berri, ondo erreparaturik zutelako. Baserrian, aspaldikoa bakarrik ez, betikoa izan da kontutxo hain zehatzak jakin eta gordetzeko erreparoa. Bai orain, eguzkia erretiratzean, eta baita uda aurrean, eguzkia gainditzearekin ere.
Zelta kulturako jendeak, duela milaka urtetan aurrea hartu ziguten. Eta eskola bertsuan bizi ziren greziar haiek ere. Jakituria ongi jakinean idatzi zuen Aristoteles batek “Meteorologia” tratatu bikaina, lau mende K.a. Baina, bazen haien artean bertsolarien umorea eta eztena zuenik ere: ordukoa da «prognostiko» hitza, eguraldiaren nondik norakoak aurrez asmatzeko lanean jardutearena. Ba, Arato de Solik (270 K.a.), liburu bat idatzi zuen, izenburuz “Prognostika” zeritzana, dena bertsotan egina, urte osorako eguraldiaren arauak zekartzana. Horixe bai, eguraldia umore onez hartzea. Aurtengo udazken goxo eta xelebre hau asmatuko ote zuen? Beharko bertsolaria izan... orduan ere.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

Ataque a gran escala de EEUU e Israel contra Irán para asaltar el poder
