Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevue
JUANJO ELORDI ETA EDORTA BARRUETABEñA
ZUZENDARIA ETA GIDOIGILEA

«Fantasia behar-beharrezkoa da umeak esperientzia gehiago bizitzeko»

«Yoko eta lagunak» animaziozko lana bihar iritsiko da zinemetara. Haurrak eta haien irudimena, fantasia eta nortasun propioa garatzearen beharra. Tartean, gurasoen jarrera. Alegatu bat da, baita helduen munduari zuzendutako gogoeta bat ere. 56 aretotan izango da bihartik aurrera.

Donostiako Kristina Enea parkean agertu dira Juanjo Elordi eta Edorta Barruetabeña, “Yoko eta lagunak” animaziozko filmeko zuzendari eta gidoigilea. Yoko «jeinu kumeak» eta Bik eta bere lagunek antzeko parkean garatuko dute haien mundu birtuala, imajinarioa, fantasiazkoa, bizitzak berak agerrarazten dizkien arazo eta kezkei irtenbide magikoa bilatuta. Yoko bera Elordiren poltsikotik agertu da elkarrizketara.

Parke hau ere izan liteke pelikulakoa...

Juanjo Elordi: Filmean erabili dugun parke eredua da parke bat ez dena bakarrik mugatzen goitik behera erortzeko edo eskalatzeko leku horietara –horietan ere umeak ederto ibiltzen dira– baina guk nahi genuen pixka bat harantzago joan, parke mota bat, non naturarekin lotura dagoen, eta non badagoen ere espazio bat umeak apur bat aparte ibiltzeko, euren erara, eta gurasoak egon behar gabe euren gainean etengabe zaintzen.

Edorta Barruetabeña: Umeek behar dute beraien espazio propioa eta askatasuna gauzak esperimentatzeko, baita batzuetan larrukoak hartzeko ere eta ezagutzeko beraien ingurua. Autonomia hori pixkanaka garatzeko.

Parke internazionala da?

J.E.: Munduko parte desberdinetan egon gara ikusten munduan zer dagoen. Mundurako egokia den film bat egin dugu, ez bakarrik Euskal Herrirako. New Yorken egon gara, Bogotan, Moskun. Oso gauza desberdinak izan ditugu, baina denek ardura berdinak dituzte. Moskun adibidez esaten zuten dagoeneko ez dela parkean umerik agertzen, obsesio sexualen lekuak direlako. Guardak eta ipinita parkeetan, eta umerik ez da ikusten. Hori baino gauza tristeagorik! Beste parke batzuetan jendea oso lasai egoten da, hemen bezala, gurasoak zerbait hartzen eta umeak beraien kasa. Hori da pixka bat aldarrikatu nahi duguna.

Fantasia eta errealitatea etengabe nahasten dira.

E.B.: Umeentzat irudimena nortasuna garatzeko tresna bat da eta hori erakutsi nahi izan dugu filmean. Ume bat zuhaitz baten inguruan ibiliz gero egon daiteke ilargian edo edozein tokitan eta hori ona da.

J.E.: Eztabaida hau izan dugu, fantasiaren kontura beti egon da eztabaida ona den ala ez, eta azken urteetan gauza txar modura ikusi izan da. Gaur egun buelta eman du horrek. Guk aholkulari baten laguntza izan dugu umeen kontuetan aditua dena eta hark ekarri zigun argudio nahikoa lasai defendatzeko fantasia behar-beharrezkoa dela umeak esperientzia gehiago bizitzeko haurtzaro horretan, gauza askorekin ezin baitu topo egin bere bizitzan ez diegulako uzten helduek.

E.B.: Fantasiari esker aukera gehiago dago rol aldaketak egiteko eta adiskidetasuna modu desberdinetan esperimentatzeko. Futbol partidu batean badaukazu besteekin harremana, baina harremana mugatuta dago arau konkretu batzuetara, eta fantasiari esker etengabe alda daitezke arauak eta rolak bakoitzarenak.

Haurrei zuzendutako lana da, baina guraso askori emango dio zer pentsatu.

E.B.: Saiatu gara. Umeak ere hirurak oso desberdinak dira, bakoitzak bere nortasuna dauka, eta nortasun bakoitzak bere aukerak eta oztopoak sortzen ditu. Gurasoak ere oso desberdinak dira denak. Familia motak ere desberdinak dira, familia gurasobakar bat ere badago. Umeen askatasunari begira eta irudimenari begira ere jarrera desberdinak dauzkate, bizitzan gertatzen den bezala. Zinemara joaten den gurasoak segur aski izango du zer hitz egin.

Bihar iritsiko da zinemetara; orotara 56 aretotan estreinatuko da. Ez da zifra kaskarra hasteko.

J.E.: Ikaragarri hasiera ona da guretzat. Ez genekien zenbat tokitan estreinatu ahal izango genuen, eta azken aste honetan agertu dira 56 zinema eta oso pozik gaude. Ea gero denbora pixka bat irauten duten eta ordutegi onak jartzen dituzten joan ahal izateko.