Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Parabola

Egia esan, poza ematen du goizero egunkariren baten kultura orriak gainbegiratu eta euskaraz ari den talderen edo musikariren baten diskoren baten berri topatzea, eguna joan eta eguna etorri, hemendik eta abenduko lehen astea bitartean. Ez da gertakari arrunta, are gehiago, urte osoan sasoi honetan bakarrik gertatzen den mirari moduko zerbait da, euskal musika iratzarri egiten dela dirudi, estresatutako kultura kazetarien joan-etorri presatuen artean.

Durangoko Azokan amaitzen den lasterketa da, Behobiakoarekin batera hemen udazkena dela adierazten duen bigarren karrera. Jar dezagun, adibidez, euskal musikaren ekoizpenaren %70 urria eta abendua bitartean kaleratzen dela, beste %30 utzita urteko beste 8 hilabeteetarako. Ez dirudi oso logikoa, benga atera ditzagun diskoak denek batera! Euskal musika oparitzearena, ongi ikusten dugun ohitura izaten jarraitzen duen seinalea?

Arrazoi komertzialen parabola ulertezina dirudi, zenbat eta konpententzia handiagoa, orduan eta gehiago saldu? Zer da lehenago eskaintza ala eskaera? Agian, garai honetan jendarteak kasu gehiago egiten digu musikarioi? Hainbesteraino, non baten bat telebista-albistegietako lerro-buru ere gerta daitekeela, bizirik dagoela artean. Bai ziur badirela arrazoi funtsezko asko urtero gauza bera gertatzeko. Baina, zer nahi duzue, zorabiatzen hasia naiz zurrunbilo diskografiko honekin. Sentitzen dut, baina dokumentazio egokirik gabe, eta tartean profesionalen baten laguntzarik gabe (mila esker Badok) ez nintzateke gai izango zeinek zer kaleratu duen azaltzeko, eta oraindik, gogorrena geratzen zaigu, hurrengo hiru asteak, alegia. Lasai, behin Durangokoa pasata basamortuko haizeak astinduko du lautada hautseztatua, parabola on guztien amaieran gertatzen den legez.