Kortxoeneko gazteek parte-hartze prozesua proposatu diote Udalari
Atzo iluntzean Donostiako udaletxe aitzinean egindako elkarretaratzean azaldu zutenez, Kortxoeneko kideek lehenengoz izan dute aukera udal gobernuari azaroaren 3ko gaztetxearen huste eta eraistean gertatu zenaren berri lehen pertsonan emateko. Gazteek proposamena luzatu diote Udalari: eragile guztiei irekitako parte-hartze prozesu bat.

“Gune autogestionatuak defenda ditzagun” lelodun pankartaren gibelean bildu ziren hainbat gazte atzo iluntzean, Donostiako Udalaren aitzinean. Lehentxeago Kortxoeneko ordezkariak udal gobernuarekin elkartu ziren eta mintzatutakoaren berri eman zieten elkarretaratzera etorritako lagunei.
Lehenbizikoz, aurrez aurre kontatu ahal izan zioten Udalari azaroaren 3an gertatutakoa. «Aurpegi onez» aditu zituztela adierazi zuten, «burumakur» ere bai entzundakoak entzunda. Gazteek mahai gainean jarri dute beren proposamena eta aitzinera eginen dute horrekin. Udal gobernuak jakinarazi zien Hezkuntza Sailarekin mintzatuko direla (Zemoria kaleko 20. zenbakiko eraikina, gazteek parte-hartze prozesurako begiz jota dutena, hezkuntza eraikina da). Ondotik, hemendik aste batzuetara, berriro biltzeko eskatu diete gazteei.
Eragile orori deia
«Gauza luzatzen dabil eta ezin gara fidatu. Gure bideari heldu behar diogu. Sekulako eragile zerrenda dago lokal baten eske eta guk parte-hartze prozesua proposatu diogu Udalari, hori izan daitekeelako ilusioa pizten duen bide bat. Udalak bere bidea jarraituko du, agian luzatuko dena, eta guk gurea. Eragile orori luzatzen diogu gonbidapena prozesuan parte hartzeko», agertu zuten neska-mutilek. Zemoriako eraikina hagitz handia da eta Kortxoeneko kideek eragile ugariri zabaltzea nahiko lukete, ez eurei bakarrik.
«Gure espazioen bila segituko dugu –baieztatu zuten–, bai Grosen bai Antiguako Txantxarrekan». Txalo zaparrada batekin amaitu zen kontzentrazioa.
Bileran gehiago sakonduz, gazteek hedabideoi azaldu zigutenez, bezperan Eneko Goia alkateak egin zituen adierazpenekin zerikusi gutxi izan zuen Udalaren jarrerak. Goiak agertu zuen ez zela ausartzen erratera gaztetxearen hustea eta eraisketa legez kanpokoa izan zenik. Gazteen iritziz, ordea, epaitegi batek eraisketa gelditu duela ikusita, kontrakoa azaldu beharko luke: «Ez naiz ausartzen esatera legezkoa izan zenik». «Gertatu zena oso larria izan zen», berretsi zuten.
Kortxoeneko kideek «iruzur» gisa hartu zuten azaroaren 3ko astearte hartan pasatu zena, baina Udalarekin aukerak aztertzen jarraitzeko prest daude. «Gure aldetik haiengana gehien gerturatzen den proposamena jarri dugu mahai gainean eta erantzunaren zain gaude», erran zuten. Esperoan bai, baina ez geldirik, eta Grosen, kortxo fabrika zaharra zegoen lekutik hurbil dagoen Zemoria kaleko 20. zenbakiko eraikina, iragarri dutenez ekainean hutsik geldituko dena, eragileei irekitzeko aldarrikatzen jarraituko dute.
Hezkuntza Sailarekin bilera
Udalak jakinarazi zienez, Miren Azkarate Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzia Hezkuntza Sailarekin bilduko da. Gazteek argi utzi nahi izan zuten eurek ez diotela inondik inora Hezkuntzari eraikinik kendu nahi. Beren ustez, badira mekanismoak duten arazoa konpontzeko. «Ez dagoela espazio fisikorik? Lor daiteke? Borondate kontua da».
Alkateari dagokionez, neska-mutilek komentatu zuten eurekin ez dela mintzatzen. Agerraldietan bai, baina eurekin ez, momentuz. Atzo Bartzelonan zen. «Beharbada etorri beharko luke guregana gure ikuspuntua galdetzera».
Aipatu bezala, Udalak bere bidea egiten duen bitartean gazteak aurrera doaz parte-hartze prozesuarekin. Oraingoz Groseko eta Uliako eragileak batu zaizkie, baita Piratak ere, eta ateak irekita dituzte nahi duten guztientzat.
«Eragile askok parte hartu beharko luke, lokal eske daudenen zerrenda arindu dezagun. Zemoriako eraikina handia da eta 2016rako erreferente polita izan daiteke», adierazi dute.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
