Azaroaren 25a

Nazio Batuen Erakundeak bere azken txostenean jasotzen duenez, indarkeria matxista mundu osoko arazoa da. Aberats eta pobre; zahar, heldu, gazte eta ume; ikasketadun eta gabe; emakume guztiei eragiten die. Hainbat eraso mota dago: psikologikoa, fisikoa, sexuala eta ekonomikoa. Heriotza da, zalantzarik gabe, kasurik muturrenekoa, baina indarkeria matxistak osasun arazoak sor ditzake, fisikoak, mentalak edo emozionalak.
Gutxienez 119 herrialdek dituzte indarkeria matxistaren inguruko legeak eta 125ek, sexu erasoei buruzkoak. Azken urteetan anitzez informazio gehiago dugu. 1995etik hona ehun herrialdetik gora izan dira behintzat inkesta bat egin dutenak gaiari heltzeko. Mapamundia osatzeko NBEren aurtengo txostenean oinarritu gara. Datuek arazoaren dimentsioaren ideia bat egiten laguntzen ahal digute, baina tentuz hartu behar ditugu, herrialde batzuez informazio hagitz guti dagoelako, bertzeez gehiago, inkestak desberdinak direlako batean eta bertzean eta arazoaren definizio bakar bat egin ez delako.
Haurrak eta gaztetxoak
Haurren kontrako indarkeria ere mundu osoan zabalduta dago. Unicef-en esanetan, 20 urtez azpiko 120 milioi neskak jasan du sexu erasoren bat. Datuak dituzten herrien artean, etxe barruko indarkeria Panamako %45etik Yemeneko %95era doa. Etxetik kanpo hazten direnentzat bortxa ohikoa izan daiteke. Kazakhstanen (munduan instituzioek zaindutako haurren ehuneko handiena duena) ume hauek sei aldiz eraso gehiago jasan dezakete.
Emakume helduak
Indarkeria puntu gorenera ugalkortasun adinean iristen da eta zahartzean ere jarraitzen du. Eraso fisiko, sexual edo psikologikoak jasaten dituzte emakumeek, esplotazio ekonomikoa eta arduragabekeria ere bai, bikote, senide edo zaintzaileen aldetik. Ezkutuan gelditzen dira maiz. Informazio iturri garrantzitsua den DHSk (Demographic and Health Surveys) 15 eta 49 urte artekoak soilik hartzen ditu kontuan.
700 milioi ume ezkonduta
Nazio Batuen txostenak azaltzen duenez, gaur egun munduan bizi diren 700 milioi emakume baino gehiago ezkondu zituzten 18 urte bete aitzinetik –hirutik bat, 15 urte baino gutxiagorekin–, sarri eurak baino anitzez gizon helduagoekin. Nigerian, adibidez, 20-49 urte arteko emakumeen %77 18 urte bete baino lehen ezkondu zituzten. Praktika hauek ohikoagoak dira Asia hegoaldean eta Sahara hegoaldean. Indiarekin batera, munduko neskato ezkonduen hirurena osatzen dute. Pobreak lehenago ezkontzen dira, baita landa eremuetakoak ere. Puntu positibo bat: haurren ezkontzak behera doaz, bereziki 15 urtez azpikoen artekoak.
Bost neskatik batek sexu erasoa jasaten du Unibertsitatean
Kanadan %2k jasan zuten sexu erasoa inkesta egin aurreko hamabi hilabeteetan (2009) eta AEBetan, %1,6k. Hemen %19,3k jasan dute halako erasoa bizitzan (2011). Etxe Zuriak Task Force lantaldea ezarri du ikasleak sexu erasoetatik babesteko. 2014ko apirilean kaleratutako txostenean, azaldu zuen bost emakumetik batek sexu erasoa jasaten duela Unibertsitatean.
Kolonbia, Jamaika eta Peru, bikotekidearen indarkerian puntan
Latinoamerika eta Karibe aldera so egiten badugu, Haitin %10etik gora dira sexu erasoa sufritu duten 15-49 urteko emakumeak. Dominikar Errepublikan %10 dira eta Kolonbian eta Hondurasen %5aren bueltan dabiltza. Bikotekidea izan dutenei dagokienez, %21 dira Haitin, %22 Dominikar Errepublikan eta ia %40 Kolonbian haren eraso fisikoa edo/eta sexuala sufritu dutenak. Perun eta Jamaikan ere %40ra iristen dira.
Danimarkan ia emakumeen erdiei fisikoki eraso diete
Europan, 2012ko datuen arabera, indarkeria fisikoa jasan duten 18-74 urte arteko emakume kopururik altuena duena Danimarka da (ia emakumeen erdiak). Sexu erasoen puntan ere badago (%20tik hurbil). Bikotekidea izan dutenen artean %33 inguruk jasan dute haren indarkeria. Indarkeria fisikoari begiratuz, %40tik gorako kopuruak dituzte Finlandiak, Erresuma Batuak, Herbehereek eta Luxenburgok.
Rankingaren behealdean daude, %20tik hurbil, Austria, Polonia, Kroazia, Malta eta Estatu espainola.
Nepal, India eta Filipinetan, %10 inguruk sufritu dute sexu erasoa
Asian datuak ez dira sobera zehatzak, 1995 eta 2013 artekoak direlako. Nepalen, 15 eta 49 urte arteko emakumeen artean %10 baino gehiago dira bizitzan behin gutxienez sexu erasoren bat jasan dutenak. Indian eta Filipinetan %9 dira. Inoiz bikotekidea izan dutenak kontuan hartzen baditugu, igan egiten da kopurua: ia %40k sufritu dute bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria Indian eta ia %30ek, Nepalen. Filipinetan,%15ek.
Genitalen mutilazioa, herri eta testuinguru zehatzetan
Genitalen mutilazioa osasunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik kanpoko sexu organoak edo horien zati bat moztea edo bertze lesioren bat eragitea da. Afrikako eta Ekialde Hurbileko 29 herrialdetan 125 milioi neska eta emakumek baino gehiagok sufritu dute. Ginea eta Somalia daude rankingaren puntan. Praktika hagitz arriskutsua da. Momentuan odola galtzea edo infekzioren bat sortzea gerta daiteke. Epe luzeko ondorioak zailagoak dira zehazten, baina antzu gelditzea, ondoko organoak kaltetzea edo hiltzea ere ekar dezake.
Ekuatore Ginean %56k jasan dute eraso fisikoa
Ekuatore Ginean 15 eta 49 urte arteko emakumeen %56k jasan dute indarkeria fisikoa inkesta egin aitzineko hamabi hilabeteetan (2011ko datua da). Sexu indarkeria, aldiz, %8k sufritu dute. Bizitza osoa kontuan hartzen badugu, %63k jasan dute indarkeria fisikoa eta %32k, sexuala. Bikotekidea izan dutenen artean, kasik %60k jasan dute haren indarkeria fisiko edo/eta sexuala.
Kongon bikotea dutenen %64ri eraso diete
Kongoko Errepublika Demokratikoan 15 eta 49 urte arteko emakumeen %64k sufritu dute indarkeria fisikoa beren bizitzan (2007ko datuen arabera). Sexu indarkeria, berriz, %16k jasan dute. Bikotekidea izan duten adin tarte bereko emakumeen artean %64k indarkeria fisiko edo/eta sexuala jasan dute haren aldetik.
Tuvalu, Marshall uharteak eta Australia
Ozeanian, %20ren bueltan dabiltza sexu erasoa jasan duten 15-49 urteko emakumeak Tuvalu eta Marshall uharteetan eta %19 dira Australian (2012ko datua). Bikotekidea izan dutenen artean ia %40k jasan dute haren indarkeria Tuvalun eta ia %30ek, Marshall uharteetan.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»

La lista Epstein salpica a Trump y a otros poderosos del mundo
