Eskusatua gogoan
Leihotik begira nago; kristalak garbi daude. Euria ari du, ufadak lagun. Hori gutxi izan ez eta hotzak beroa desjabetu ere eguraldi-mapatik. Noiz eta azaroaren erdian gertatu! Ama, ama! Klima aldatzen ari den seinale! esango luke, ohartu gabean, ofiziozko agintariren batek, bere eguneroko erabakiak horrekin lotzeko asmorik gabe, bat ere ez. Omen, amen. Oraingo astea joan da, aurrekoek egin legez, joan. Eta hamaika gauza utzi ere, datorren astearentzat zama. Ez du erraza izan behar astea izateak, gaurko egutegian ez horixe! Berri omen diren asko zaharren haritik datoz, denak mataza berean bilduta. Hainbeste innobazio eta innobazio-oste, zeinek katuari joarea ezarriko? Hortaz, haritik tiraka segitu beharko noiz edo noiz hori utzi eta brodatzeari eutsi aurretik.
Tira, albisteen harira! Klima ez dakit, baina Nafarroa behintzat aldatzen ari dira; ari, bai, nork bere gustuko abiadura duela, baina gehienok abian. Iragan hurbileko ikur zehatzak behingoz eraikinen aurrealdetik ezabatu nahian, mailua eta zizela elkarlanean, eraikinok etorkizunean iragan horren zamatik libre sentitu daitezen. Kasu honetan, eta euskara teknikoaren baimenaz, zilegi bekit aurrealde hitzaren ordez fatxada esatea, aproposagoa baita Memoriaren oroimenetik irakurria. Agur herriak armen bidez menpean hartu izanaren ikur diren armarriei! Lehengo eta oraingo gerrak gogoan. Oroimena oroi-pena izan ez dadin.
Baina berrien artean benetakorik bai! Hara! Komunen nazioarteko eguna izan da aste honetan. Komun-ontziena esate aldera; edo eskusatuarena, ama gogoan. Nork eta Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, ulertzekoa gero planetan komunak diren beste kontu batzuetan eragiteko betarik ez izatea. Tira, gaiak kakalarri utzi nau. Joan banoa, tronura. Bideo-kamerarik ez izatea espero, bestela ezin eskusatua izan.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
