Astelena, berriz ere prest
Eibarko pilotalekuak datorren astelehenean irekiko ditu ateak San Andres eguneko jaialdi bereziarekin.

Eibarko Astelena pilotalekuak datorren astelehenean, San Andres eguneko jaialdi bereziarekin batera, berrirekiko ditu bere ateak. Aspek ez du edonolako menua antolatu, eta 17.00etan hasita hiru partida jokatuko dira, aurrera begira jarrita enpresak dituen ideien gaineko pista dezente ematen dituztenak.
Alde batetik, deigarria da partida nagusian bi aurrelari gazte arituko direla nor baino nor: Altuna III.ak Abel Barriola izango ditu bizkartzain eta Iker Irribarriak, Beñat Rezusta. Binakako Txapelketara begira kontuan hartzeko bi bikote dira.
Kontrara, Xala eta Julen Retegi “beteranoek” –bat bestea baino gehiago– lehen neurketa jokatuko dute: lapurtarra Irustarekin eta nafarra Miguel Merinorekin. Jaialdia amaitzeko, Aritz Lasa-Erostarbe urretxuarrak –atzelariak ostiral honetan egingo du debuta– Gorka eta Urruzolaren aurka neurtuko dira.
Eta jaialdian parte hartuko dutenez gain, ez daudenek ere zer aztertua ematen dute. Igandean ezker eskuan min hartu zuen David Merino ez dute datorren asteburuko partidetan ipini, nahiz eta lesioak larria ez dirudien; Jose Javier Zabaleta ere ez da ageri –gaur sendagilearengana joatekoa omen da–, eta Binakako Txapelketara iristen baldin bada, sei hilabetean neurketarik jokatu gabe izango da; eta Akiles tendoian arazoak dituen Aitor Zubieta ere ez dute deitu asteburu honetan jokatzeko, Aspeko atzelarien arazoak areagotuz.
Irujo atzo, Urrutikoetxea gaur
Lau eta Erdiko Txapelketako finalari dagokionez, Juan Martinez de Irujok atzo egin zuen bere azken entrenamendu serioa Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Jokin Altuna bidelagun hartuta. Mikel Urrutikoetxeak, berriz, gaur egingo du azken saioa leku berean. Gainera, enpresek jakitera eman zutenez, oraindik 500 bat sarrera saldu gabe omen daude iganderako.
Bihartik hasi eta datorren astelehenera bitartean, GARAk leku berezia eskainiko dio finalaren gaineko informazioari.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
