GARA
DONOSTIA

Geroa jokoan dela irudikatu du EH Bilduk

Konstituzio espainolaren aurka eta independentziaren alde egiteko manifestazioa deitua du gaurko EH Bilduk, 12.00etan Bilboko Moyua plazatik abiatuko dena. Alderdi guztiak ekitaldi xumeak eta gehienetan toki itxietan egiten ari dira hauteskunde kanpainaren hasierako txanpa honetan, baina ezkerreko koalizio abertzaleak kalera ateratzeko erronka bota du, Konstituzioaren Egunak duen sinbolismoaz baliatuz.

Atzo ere, Madrildik agintzen duten marko politikoa eta horren ondorioak salatu zituzten EH Bilduko gazteek, Donostiako Konstituzio plaza deritzonean, hain zuzen. Estatuaren «inposizioak» ez dituztela onartzen nabarmendu ondoren, hilaren 20an guztien etorkizuna jokoan dela ikusarazi zieten botoa emateko aukera duten gazteei.

Gotzon Elizburu Kongresuko Gipuzkoako hautagaiak hartu zuen hitza ekitaldian, baina bitartean han bildutako gazteek egungo estatusak eragiten dien kaltea irudikatu zuten hainbat ekintzaren bidez. Horma batean Konstituziotik datozen eta euskal gazteak bete-betean kolpatzen dituzten hainbat eraso aipatzen ziren: hezkuntza arloko Lomce, lan erreforma, errepresioa... Horren guztiaren aurka oldartzen direla antzeztu zuten EH Bilduko gazteek.

Elizburuk gogora ekarri zuenez, «40 urte dira Franco hil zela eta ia beste hainbeste euskal herritarroi Konstituzioa inposatu zigutela. Geroztik, PSOEk eta PPk euren agenda neoliberalak inposatu dizkigute, gazteriaren ahotsari jaramonik egin gabe».

Bi aste barru gauzatuko diren hauteskundeen garrantziaz ohartarazi zuen Gipuzkoako hautagai gazteak: «Boto independentista bakoitza jokatzen dugu. Boto independentista bakoitza da inportantea, Madrili gurekin jai dutela ozen esateko. Guk gure bidea egingo dugula. Gure erabakiak ez dituela beste inork borrokatuko. Inposatzaileek aurrean izango gaituzte gure erabakiak egia bihurtzeko borrokan».

«Espainian ez da posible aldaketarik», aitortu zuen Elizburuk, zintzotasunez. «Bere DNA eskubide murrizketak eta murrizketa sozialak dira. Prekaritatea eta ukazioa. Independentziarako prozesua da aldaketa politiko eta sozialerako bide bakarra. Gure erabakiak hartuz egingo dugu bidea», argudiatu zuen.

«EH Bilduren botoa oraina eta etorkizuna iraultzeko botoa da. EH Bilduren botoa, boto errebeldea da. Inposatutako lan erreformari, prekaritateari, Lomce legeari eta Abortuaren Legeari ezezko botoa. Eta erabakiaren eta independentziaren aldeko botoa», amaitu zuen.

Lomce, salagai Durangon ere

Donostian behin baino gehiagotan aipatu zuten “Wert lege” polemikoa, bai eta Durangoko Azokan ere. Onintza Enbeitak, Kongresurako EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak, gogor jo zuen horren aurka. Bere hitzetan, horrelako arauen bitartez «beren kultura inposatzen digute» eta horri dagokiona «gure literatura, gure historia, gure artea aldarrikatzea da».

Durangoko Azoka euskal kultura garatzen dutenentzako «oxigenoa» dela ziurtatu zuen Enbeitak, baina ez duela atsegin «urte osoko basamortuan oasi gisa gelditzea». Hori dela eta, kritika egin zien euskal erakundeei, Madrilgoen aurrean men egiten dutela uste baitu hautagaiak, kanpokoen lanak lehenetsiz eta Euskal Herrian egiten den kultur sorkuntza behar bezala bultzatu gabe.

Euskararekiko jokabidean arazo bera ikusten du. Gaur egun oraindik «gure hizkuntzak ez ditu beste hainbatek dituzten baliabide berak», salatu zuen Oihane Enbeitak. Ondorioz, euskaraz lan egin eta sortzeak norberaren erabaki eta konpromisoa behar duela nabarmendu zuen.

Bide batez, Madrilen «herri honek bere berezko kultura duela» azaltzeko beharrari erreparatu zion Bizkaiko zerrendaburuak. «Eta argi utzi behar diegu han, aldi berean, geuk ere kultura hau geure seme-alabei irakasteko herri indar nahikoa badugula», erantsi zuen Enbeitak.