GARA
DONOSTIA

Fakturazioa 40 milioira igotzea espero du Ternuak

Datozen urteetarako plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo Ternua Group-ek eta, besteak beste, 2018rako fakturazioa egungo 27 milioitik 40 milioira igotzea aurreikusten du kirol ekipamendu enpresak.

Salmenten Nazioarteko Konbentzioa egin zuen atzo Ternua Group enpresak Arrasateko eta Vermonteko (AEB) egoitzetan, eta bertan eman zuen 2015-2018 denboraldirako plan estrategikoaren berri. Kirol ekipamendu markak bi aurreikuspen nagusi egin ditu aldi horretarako. Alde batetik, 2018. urterako fakturazioa egungo 27 milioitik 40 milioira igotzea espero du. Bestetik, nazioarteko salmentak %33tik %47ra pasatzea aurreikusten du.

Era berean, estatu espainoleko zein nazioarteko beste enpresa eta marka batzuekin itun berriak egiteko aukera ere aipatzen du. Gaur egun, AEB, Kanada, Estatu frantsesa, Benelux, Alemania, Suitza, Austria, Taiwan, Korea eta Japonia dira nazioarteko merkatu nagusiak Ternuarentzat.

Guztira 175 langile ditu euskal enpresa honek herrialde ezberdinetan eta kalitate tekniko handiko kirol ekipamenduak ekoiztea eta banatzea du eginkizun nagusia.

Bi ekoizpen zentro ditu Ternua Group markak, bata Nafarroan, Etxalarren, eta bestea Pueblan (Mexiko). Shanghain (Txina) produktuen garapen eta salmenta bulego bat dauka eta Arrasaten berriz, logistika gune robotizatu bat dauka. Nazioarteko logistika guneak Hong Kongen (Txina) eta Bufalon (AEB) ditu.

Taldearen sorrera

Ternua Group taldea 2014. urtean sortu zen, IASA konpainiako (Ternua eta Astore batzen dituena) akziodun nagusiak galtzerdi teknikoak ekoizten dituen Lorpen enpresa nafarra erosi zuenean.

Hiru konpainiek 25 urte baino gehiago daramatzate lanean kirol produktuen sektorean eta baturak espainiar Estatuko «outdoor» merkatuko talde nagusi bilakatu du.

Ternua Group produktuen merkaturatzea marka bakoitzak bere izendapen propioarekin egiten du (Ternua, Lorpen eta Astore) Europa, Asia eta Amerikako 50 herrialde baino gehiagotan.