J.L.
Jaialdia

Urrezko Harri-jasotzaileen Kopako azken finalista zein den jakingo da Leaburun

Herri kirol jaialdi ederra antolatu dute gaur eguerdirako, 12.30ean, Leaburun. Diva etxeak duen egoitzan jokatuko da Urrezko Harri-jasotzaileen hirugarren eta azkeneko finalerdia eta, aldi berean, pisu bikoitzeko torneoa ere jokatuko da. Ez da askotan izaten honelako lehiaketa bat, lantegi zaila izaten delako, baina gaur Leaburun ikusi ahal izango da.

Jokin Eizmendi eta Izeta IV.a jadanik urteko azkeneko egunean Asteasun jokatuko den final handirako sailkatuta daude, baina azkeneko saio horretan hiru izango dira txapelaren bila arituko direnak, eta gaur bertan jakingo da horiekin batera arituko den hirugarren harri-jasotzailearen izena.

Izeta II.a, Telleria IV.a eta Lopetegi  izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak. Bakoitzak 100 kiloko hiru harri ezberdin erabili beharko ditu. Hasteko, zilindro kopa erabiliko dute, minutu bakar batean; ondoren kubikoa eta azkenik bola, eta azkeneko bi harriekin bi minutuko txanda izango dute. Dudarik gabe, Izeta II.a izango da garaipena lortzeko faboritoa. Bi gazte, horietako bat bere ikaslea, izango ditu aurrean. Telleriarentzat eta Lopetegirentzat ere ohore handia izango da, Izeta bezalako harri-jasotzaile batekin lehiatu ahal izatea.

Ondoren, gutxitan ikusten den saioa izango da; izan ere, hiru harri-jasotzaile arituko dira lanean, eta bakoitzak bere pisuaren bikoitza pisatzen duen harria eramango du plazara eta jasoaldirik gehien ematen dituenak lortuko du garaipena. Bakoitzak badaki zer harri eramango duen, baina gero plazan pisaketak egin beharko dira, bai norberarena bai harriarena.

Izeta I.a, Jagoba Otaegi eta Telleria II.a izango dira lanean arituko diren hiru harri-jasotzaileak.  Izeta aspaldian ez da lehiaketa askotan ibili, baina apurka-apurka hasi da berriro ere plazetan agertzen. Beste biak aspaldian hemen lanean ari direnak dira. Teleria II.a izango da irabazteko faboritoa. Albizuri Handia Txapelketa irabazita dator, eta indarrez gainezka dabil azkenaldi honetan.