Andoain eta Bermeoko suteak kontrolpean baina beste batzuk piztu dira
Iluntzeko 19.00 aldera Andoainen atzo piztu zen sutea kontrolpean jartzea lortu zuten suhiltzaileek gaueko 22.00ak zirenean. Zehazki, Leitzaran bailaran piztu zen, Bista Eder baserriaren gainaldean eta bertara gerturatu ziren Tolosa, Goierri eta Legazpiko suhiltzaileak.
Teknikoki eremu zaila zen eta haizeak, gainera, ez zituen lanak batere erraztu. Hala ere, azken orduan botatako euri apurrak egoerak okerrera ez egiten lagundu zuen.
Bestetik, suteak izan ziren atzo halaber Eibarren, Arrate inguruan eta Oiartzunen, Artikutzako errepidea dagoen eremuan, baina suhiltzaileek ez zuten gehiago zehaztu.
Lezon ere sutea piztu zen atzo, kasu honetan 103 industrialdean dagoen produktu kimikoen enpresa batean. Kea arnastuta sei langile intoxikatu egin ziren eta horietako bi ospitalera eraman zituzten.
Suhiltzaileek atzo goizaldeko bostetan Bermeo eta Bakio arteko basoan, Matxitxakoko itsasargiaren inguruan, piztutako sua kontrolatzea lortu zuten, sei orduko lanaren ondotik. Badaezpada hogeita bost bat lagun atera zituzten gune horretako baserri eta etxeetatik, baina langileak azkar ibili ziren eta sutea ez zen etxebizitzetara ailegatu, ezta hurbil dagoen gas zentralera ere. Azkartasun hori nabarmendu zuen Carlos Uriagereka Aldundiaren Mendi Zerbitzuetako buruak.
Uriagarekak azaldu zuenez, lehenengo unetik esku hartu zuten. 50 lagun ibili ziren jo eta ke, suhiltzaileak, Aldundiko langileak zein boluntarioak. Ingurumen Ministerioaren hegazkinak lagundu zien. Haize handiak itzaltze lanak zaildu bazituen ere, denen artean sua errepidearen ezkerraldean mantendu zuten, etxebizitzetara iristea eragotziz.
Aldundiak jakinarazi zuen 50 mendi hektarea inguru kiskali direla. Bermeoko Arene-San Pelaio auzoan hasitako sutea kontrolatu bitartean, segurtasuna bermatzeko bigarren mailako bi errepide moztu zituzten: Bakio eta Bermeo lotzen dituen BI-3101 eta Matxitxakoko itsasargira heltzen den BI-4203 izan ziren itxi zituzten bideak.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
