Bizi mugimendua, klima aldaketaren aurka eredugarri

Bost urte pasatu dira Kopenhageko goi bileraren harira Bizi mugimenduak lehen urratsak egin zituenetik. Klima aldaketaren ondorio larriez jabetuta eta beste garapen eredu batzuk eraikitzea posible dela sinetsita, Ipar Euskal Herriko taldeak bidea jorratzen segitzen du.
Amaitzen ari garen urtea bereziki oparoa izan da ekimenetan. Nagusia, jakina, Pariseko COP21 konferentzia izan da, klima aldaketari mugak jartzeko nazioarteko topaketak bete-betean heldu baitio Bizik lantzen duen arazoaren muinari: trantsizio energetikoa egitea ezinbestekoa da.
Mugimenduak argi du produktibismoa eta gainkontsumoa baztertu eta planetaren suntsipenari topeak jartzeko, nahitaez sistema aldatu behar dela. Alabaina, «egun magikoaren» zain geratu ordez, jadanik bide hori jorratzeari ekin diote. «Bestela, paretaren kontra goaz zuzen-zuzenean», nabarmendu du Xabier Harluxet Biziko kideak, «alternatibak» badirela ziurtatuta.
Hain zuzen ere, kontzeptua erabat barneratu, eta maila praktikoan egiaz gauza eraginkor anitz egin daitezkeela, «bai era kolektiboan eta bai norbanakoan», erakusteko Alternatiba herrixkaren ekimena plantan eman zuten lehen aldiz Baionan 2013ko udazkenean. Bertatik zabaldu zuten deia antzeko erakusleiho zehatzak antolatzeko.
Alternatibak
Geroztik, izan dira beste batzuk, aurten bertan, Donibane Garazin eta Bilbon. Baina ekimenak izan du oihartzunik Euskal Herritik kanpora ere. Harreman eta koordinazio sarea ehuntzen joan da eta COP21era begira 113 Alternatiba herrixka egin dira Estatu frantsesean, Suitzan, Belgikan, Britania Handian...
«Euskal Herrian badugu aspalditik elkarlanerako kultura bat eta irtenbide propioak bilatzeko joera, egoera ikusi eta negar egiten geratu ordez. Hala sortu dira, esate baterako, ikastolak, euskal irratiak edota Herrikoa bezalako ekimenak. Biziko lantalde tematiko eta tokikoak egindako lanarekin gida edo metodo praktiko bat borobildu genuen, beste herrialdeetan eredutzat hartu dena», zehaztu du Biziko ekintzaileak.
Ildo beretik joan zen Alternatiba itzulia, Baionatik ekainaren 5ean, ingurumenaren nazioarteko egunean hain zuzen, abiatu zena. «5.600 kilometro, 187 etapa, Pariseko hitzorduari bultzada emateko, baina baita ere jendarte solidario baten irudia eta energia fosilen ezinbestekotasunari aurre egiteko bitartekoak daudela erakusteko. Geldialdietan tokian tokiko eragileekin eta bertako errealitateari egokituta, mintzaldi, topaketa edota eztabaiden bitartez, hainbat irtenbide praktiko mahaigaineratzeko ere profitatu da bira», argitu du Harluxetek.
Aulkien «bahiketa»
Jarduteko moldeetan ere berritzaile izateko joera du bere burua mugimendu altermundialistaren barnean kokatzen duen euskal taldeak. Horren lekuko izan dira aurten, kapitalen ihes fiskalean zuzenean parte hartzen duten hainbat banketxeren kontrako ekintza ikusgarriak.
Baionan hasi ziren aulkiak HSBCko bulegotik konfiskatzen edo «bahitzen» iruzur fiskal horretako ordainketa irudikatzeko eta mugimendua hedatzen joan zen, Estatuan eta baita Belgikan eta Suitzan ere.
Abenduaren 6an, Montreuilen egindako topaketan, nazioarteko gizarte zibileko mugimendu andana bildu zen, eta bertatik, COP21eko estatu partaideen kopurua aintzat hartuta, banketxe horietako 196 aulki «bahitzeko» deia egin zuten. Ekintza horien bitartez, paradisu fiskaletan dauden dirutzen jabeek duten zor publikoa ordaintzea exijitzen dute, era horretan trantsizio energetiko eta klimatikorako finantzabideak eskuratzeko.
Pariseko erronka
Ingurumenaren defentsan diharduten mugimendu gehienak bezala, Parisen abenduan hartutako erabakiak ez dituzte Biziko kideak asebete. Kyototik urrats txiki batzuk ikusten dituzten arren, Estatuen uzkurtasunak eta «sasi aterabideak» ez dituzte ustekabean harrapatu. «Helburuak asko leundu dira ahalik eta sinatzaile gehien lortzeko baina, praktikan, ez dira larrialdiak exijitzen dituen bezainbesteko neurriak hartu, esaterako, petrolioaren menpekotasunetik aldentzeko», ohartarazi du.
Halere, atentatuen osteko giro nahasian –«Gobernuak herri mobilizazio oro deuseztatzeko baliatu nahi zuena»– ahots ofizialetik harago beste batzuek ere zeresana badutela kaleratzea lortu dutelakoan dago. «Larrialdi egoera dela-eta, agintarien debeku jarrerari aurre egin diogu moldeak egokituz, manifestariei jarraibide zehatzak emanez, adibidez, aurpegiak estaltzea ez zela onartuko, eta hala COP21ri buruz egiten dugun irakurketa ere, hein batean, karrikaratzea erdietsi dugu».
Aurrerantzean, aurrera
Parisen hartu diren neurrien eskasa bistan denez, abenduaren 16an handik Action Non Violente-COP21 mugimenduak klima aldaketaren kontrako borrokan irmo segitzeko erabakia hartu zuen. Bizi! bertako partaide izaki, lan ildo berrien hausnarketa eta eztabaida prozesuan parte hartuko du. Bordelen datorren otsailaren 20 eta 21ean jakinaraziko du Europako Alternatiba Koordinaketak jardunbide komunen nondik norakoak.
Orain arteko bideari jarraiki, ez da, ordea, horren beha geratuko eta Euskal Herrian ere jadanik aplikatu daitezkeen neurriak gauzatzen segituko du, desobedientzia zibila, bitarteko ez biolentoak erabiliz eta lekuan lekuko problematiketara lotuz. Besteengandik ikasiz eta, bertako dinamiketatik besteei ere beren eskarmentuen ekarpena eginez.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
