GARA
BILBO

Ainhoa Etxaidek aurtengo mobilizazioek duten garrantzia nabarmendu du

Duela urtebete, Guardia Zibila LABen Bilboko egoitzara sartu zen, ordu batzuk lehenago presoen alde Sarek deitutako manifestazio ikusgarrian bildutako dirua bahitzeko xedez, eta atzo sindikatu abertzaleak elkarretaratzea egin zuen egoitza horretan, besteren artean biharko Bilboko eta Baionako mobiliza- zioetan parte hartzera deitzeko.

Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak guardia zibilek egindakoa gogora ekarri zuen prentsaren aurreko adierazpenetan, eta aipatu zuen «elkartasuna zigortu eta kriminalizatu» nahi izan zutela «Madriletik zuzendutako operazio politiko-judizial-mediatikoarekin». «Sare errepresioaren mehatxupean itotzeko asmo argia erakutsi zuten eta urrats berria ematen saiatu ziren preso politikoen eta Euskal Herriaren arteko edozein lotura mozteko», laburbildu zuen, nabarmenduz, gainera, «urtebete lehenago abokatuak eta kolektiboaren bitartekariak eraman zituztela». Ildo honetan, salatu zuen «euskal preso politikoak bakar-bakarrik eta isolatuak» nahi dituztela, «mendeku egarriz jokatzen dutelako», eta «helburu politiko argi» batekin: «presoak txikitzea, amore eman dezaten eta Estatuak hainbestetan amestu duen damuaren bidea har dezaten».

Edonola ere, eraso hauen gainetik «elkartasuna eta euskal presoen eskubideen aldeko aldarria gailendu» direla nabarmendu zuen, azken asteetan izandako mobilizazioak eta biharko manifestazioak aipatuz.

Hain zuzen, LABeko idazkari nagusiak uste du aurtengo mobilizazioek «garrantzi berezia badutela», Estatu espainoleko Gobernu berria osatzear dagoelako, testuinguru politiko berrian gainera. «Euskal preso politikoen auzia behingoz konpontzea gobernuaren agendan egotea nahi badugu aldarrikapen hau indarrez iritsi behar da Madrilera. Euskal Herrian indar hori badagoela erakutsi behar dugu», azaldu zuen ildo horretan.

Etxaidek LABeko afiliatu, kide eta lagun guztiei dei egin zien Bilboko eta Baionako kaleak betetzeko, eta bere aldetik iragarri zuen sindikatuak, lan munduan presoen eskubideen aldeko borroka indartzeko premia ikusirik, ekimen eta urrats berriak egiteko prest dagoela. «Guztioi dagokigu urrats bat aurrera egitea 2016an konponbideetan aurrera egin dezagun», esanez bukatu zuen buruzagi sindikalak.