Idoia ERASO
BIARRITZ

Estatu espainoleko telebista kateak gonbidatu bereziak izango dira FIPAn

FIPA, ikus-entzunezko saioen nazioarteko jaialdia, urtarrilaren 19an hasi eta 24an bukatuko da Biarritzen. 29. edizio honetan estatu espainoleko telebistak izango dira gonbidatuak, ETB barne. Munduko errealitateen ikuspegi ezberdinak aurkeztuko dira ohi bezala, eta aurten islamismoak eta immigrazioak toki handia hartu dute.

Sei egunez luzatzen den nazioarteko jaialdian, telebistaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko egungo joerak eta etorkizunera begira har ditzakeen bideak aztertzen dira, bertaratzen diren 2.000 parte-hartzaileen laguntzari esker. Bide horretan, aurten estatu espainoleko telebista kate ezberdinetako ordezkariak gonbidatu dituzte, azkenaldian bertako telesailak Europa mailan izaten ari diren arrakasta kontuan izanik.

Izan ere, antolatzaileek nabarmendu dute azken urteetan hamabi telesail espainiar beste herrialdeetan moldatuak izan direla. Mundu mailan telesailen «urrezko garaia» dela adierazi zuen François Sauvagnargues FIPAko delegatu nagusiak. Hein horretan, gaur egun Eskandinaviako telesailek daukaten kalitatea nabarmentzearekin batera, beharbada laster estatu espainolekoak maila horretan izan daitezkeela iragarri zuen.

Estatuan ekoitzitako hamar emankizun aurkeztuko dira, eta hainbat telebista kateko arduradun gonbidatu dituzte. Han izango dira, Antena 3 edo Canal+ kateko jabe berria den Movistarrekin batera, Kataluniako TV3 eta Euskal Telebista ere.

Ikus-entzunezko arloko profesionalentzat erakusleiho aparta dela nabarmendu zuen Sauvagnarguesek: «Edizio honetan ere kalitate handiko emankizunen lagin bat izango da, profesionalek nazioartean gertatzen denaren berri izan dezaten». Jaso dituzten 3.000 proposamenetatik 140 film hautatu dituzte, 70 lehiaketan parte hartzeko.

Bestalde, ikus-entzunezkoekiko interesa duten herritarrei ere zuzenduta dago: «Publiko zabalari ere zabaltzen zaio, noski; horregatik beraientzat bereziki antolatutako hitzorduak daude programan». Fikziozko film, telesail, dokumental, ikerketa erreportaje, musika eta transmedia emankizunez gozatzera 26.500 ikusle hurbildu ziren iaz.

Ikusleengan interes handia sortzen dute filmen inguruko eztabaidek, eta aurten hizpide izango duten gaietako bat muturreko islamismoa da. Eskaintzen kopuruari begiratuta eta munduko errealitatearekin bat eginez «inposatua» izan zaien gaia dela nabarmendu zuen delegatuak. Eta aurkeztuko dituzten filmen kopuruari eta aniztasunari esker, «gaiari heltzeko ikuspegi ezberdinak ezagutzeko aukera» dagoela nabarmendu du Sauvagnargues.

Festibalean ibilbide bera izan duen gaia izan da immigrazioa, Napolesetik, Lesbosera, eta handik aborigenengana joateko aukera izango du bisitariak.

Dokumentalen atalean mota ezberdinetakoak aukeratzen saiatu dira, eta telebistarako bereziki egituratuetakoetatik urrundu. Horrela kameraren erabilera, edizioa... ezohikoa duten lanei tokia eman diete.

«Eraberritze gaitasuna laguntzeko bidea izan nahi du, beste tokietan ikusten ez diren gauzak erakutsi nahi ditugu Smart FIPAn», azaldu zuen delegatuak. Etorkizunari begira dagoen festibaleko gune honetan ikuslea zentzumen berriak erabiltzera bultzatuko duen telebista agertuko dute, besteak beste.

Anbizio handiarekin egindako edizioa da aurtengo, baina ez da txikiagoa izango hurrengoa: 30. izanik, jada prestatzen hasi dira.