Hendaiako Erretentzio Zentroa hutsa da, baina kontrolak ez dira amaitu
Lehen aldiz zabaldu zenetik, Hendaiako Erretentzio Zentroa hutsik dago, larrialdi egoera dela-eta bertako poliziak mugen zaintza lanetara bidaliak izan direlako. Cimaden esanetan, egoera irregularrean dauden etorkinen kontrolak ez dira, haatik, eten, baina Bordelera igortzen dituzte. Iaz 318 pertsona atxiki zituzten bertan. 2015ean OFPRAk eskaera gehiago onartu zituen arren, Estatu frantsesa da asilo gutxien onartzen dituen Europako herrialdea.

Eguberri bezperetatik Hendaiako Erretentzio Zentroan (HEZ) ez dago atzerritar bakar bat ere. Egoera irregularrean atzeman dituzten etorkinak atxikitzen dituzte bertan, gehienez ere 40 egunez, beren egoera administratiboa argitu bitartean. «Aurten, ordea, lehen aldiz zabaldu zenetik, ez dago inor. Pariseko atentatuen ostean ezarritako larrialdi egoera dela medio eta COP21 Konferentziagatik, bertako polizia guztiak mugetako zaintza-lanetara bideratu dituztelako», esan zuen atzo, Baionan, Helene Ducarre Cimadeko bozeramaileak.
Alabaina, datu zehatzak ez dituzten arren, jakin badakite kontrolak ez direla eten, «baina Bordeleko edo Tolosako Erretentzio Zentroetara eramaten dituzte» gaineratu zuen, iazko datuak eman aitzin.
Hala, 2015ean 318 pertsona igaro ziren HEZetik, gehienak gizonak (274) eta batez beste, 21 egun eman zituzten bertan. Bi herenak (206) mugan kontrolatuak izan eta gero atzeman zituzten eta gainerakoak, garraio publikoetan, batik bat Paris-Tarbes lineako trenetan. «Nobedade» gisan, abuztuan Calaiseko hamaika etorkin Hendaiara ekarri zituztela nabarmendu zuen Cimadek, guztiak aske geratu ziren epaileen aurretik pasatu ondoren, «gehienetan Poliziaren prozedura akatsengatik».
Asilo eskaerak
Ia laurden bat (%23) beren herrialdetara itzuliak izan ziren, %22,37 epaileek aske utzi zituzten, beste %22,6 administrazioak berak liberatu zituen eta %21,4 Europako beste herrialdeetara eraman zituzten, bertan asilo eskatzaile izateagatik edo han bizi zirelako –nahiz eta egoera irregularrean egon–. Azken kasu horien arteko gehienak Estatu espainolera bueltatuak izan ziren.
Asilo eskaeren inguruan, OFPRA erakundeak 2015ean %22 eskakizun onartu zituela adierazi zuen Ducarrek: «Eskaerak ere emendatu egin dira –59.000tik 69.000ra– eta aurreko urteetan baino %4 gehiago onartu dira. Halere, esan beharra dago, Frantziak asilo eskaera gutxien onartzen dituen Europako herrialdea izaten segitzen duela».
Asilo eskatzaileen artean, siriarrek eta irakiarrek egindako guztiak ontzat eman dituzte. «Afrikako herrialdeetatik datozenak dira, ordea, gehien ‘zigortzen’ dituztenak, etorkin ekonomikotzat jota, ez baitira haien asilo eskaerak apenas onartzen», gaineratu zuen.
Pertsona horiek laguntzen eta babesten dihardu Cimade elkarteak eta berriro gogoratu dutenez, «guk ez dugu desberdintasunik egiten asilo politiko, erlijioso, etniko, ekonomiko edo dena delakoa izateagatik». 2015ean zuzenean 185 etorkinen kasuez arduratu zen, gehienak Magreb, Saharaz hegoaldeko Afrikatik, Ekialdeko Europatik eta Hego edo Erdialdeko Amerikatik iritsitakoak.
Baigorrin hartu dituzten errefuxiatuak ere hizpide izan zituzten. «Calaisen pairatzen dituzten bizi baldintza latzetatik eraberritzeko Erretentzio Zentroak baino aukera hobea da, jakina. Baina zer gertatuko da asiloa lortzen ez dutenekin?», kezka agertu eta Estatu frantsesa han egiten ari dena salatu zuten: «Bere garaian Gaddafik egiten zuena, hau da, etorkinak edozein moduan pilatu Frantziara etor ez zitezen, gauza bera egiten ari da orain Britainia Handira igaro ez daitezen».
Isiltasunaren Zirkulua egingo dute gaur Baionako udal plazan
Larrialdi egoera dela-eta, abendukoa egin ez bazuten ere, hileroko lehen ostiralarekin bat egin ohi duten Isiltasunaren Zirkulua ekimenari berriro ekingo diote gaurtik aurrera. Hala, gaur, 18.00etatik 19.00etara, Baionako Herriko Etxeko plazan izango dira. Estatuko 175 hiri eta herrietan egiten da, eta ordubetez «isiltasunean oihu egingo» dute, etorkinek jasaten dituzten eskubideen urraketak salatzeko.
Hiru atal nabarmendu nahi dituzte protesta horien bitartez. Batetik, «dokumentuak ez dituzten pertsonak beste era batera tratatu behar direla eta ezin direla, inolaz ere, giltzaperatu». Bestetik, etorkinentzat Europa mailako estatus bat eskatzen dute. «Izan arrazoi politiko, ekonomiko edo klimatikoengatik, harrera berdina eta iraunkorra eskaini behar die Europak», diote. Azkenik, «beren eskubideak aitortu eta egikarituta, gure herrialdetara datozen etorkinak egiten duten ekarpena» goraipatzea da elkarretaratzearen hirugarren zioa. A.M.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
