12 Points, Dublindik Donostiara jazzaren belaunaldi berrien bila
Hamabi herrialdetako jazz talde bana izango da Donostian aurtengo uztailean Jazzaldiaren, Donostia 2016ren eta 12 Points jaialdiaren elkarlanari esker. Orain hamar urte Dublinen jazz talentu gazteak ezagutzeko sortu zen jaialdiak Europako jazz eredu berriak ekarriko ditu.

Europako jazz talentu gazteei euren burua ezagutzera emateko plataforma bat eskaintzeko xedez sortu zen, orain hamar urte, 12 Points jaialdia Dublinen. Urte batean hiri irlandarrean eta hurrengoan Europako beste batean ospatzen da jaialdia eta, aurten, hamargarren urteurrena betetzera Donostiara etorriko da, jaialdiko antolatzaile Improvised Music Companyren, Jazzaldiaren eta Donostia 2016ren elkarlanari esker.
Hamabi herrialdetako jazz talde banak (taldekideek 30 urtetik behera izan behar dituzte) hartzen dute parte jaialdian eta, irauten duen lau egunetan zehar, kontzertu bana eskainiko dute. Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinen hitzetan, 12 Pointsen parte hartzen duten taldeek egun Europan dauden jazz eredu ezberdinen lagin bana ekarriko dute Donostiara eta, urtero, jaialdiak «ezohiko talentuak» ezagutzeko aukera ematen duela nabarmendu zuen. «Maila handiko jaialdia da», ziurtatu zuen.
Aurkezpenean parte hartu zuen, antolakuntzaren izenean, Kenneth Killeen irlandarrak ere. Artista berriak aurkitu eta horiei oihartzuna emateaz gainera, jaialdi honek musikari berriak programatzaile, musika kazetari, kritikari eta sektoreko beste zenbait aditurekin harremanetan jartzeko duen baliagarritasuna ere goraipatu zuen, bai kontzertuez gaindi egiten diren Jam Session-en bidez (zeinetan talde lokalek ere parte hartu ohi duten) eta baita jaialdiak iraun ohi dituen lau egunetan egiten dituzten jarduera paralelo eta topaketei esker ere. «Jaialdi honek datorren 15-20 urtetako jazz sortzaileak nolakoak izango diren esaten digu eta badu berezitasun bat: ez dago izarrik, denek partekatzen dute agertoki eta leku bera jaialdian. Ziur naiz parte hartuko duten taldeek jazzaren hamabi interpretazio oso ezberdin ekarriko dizkigutela, talde bakoitzak bere sorterriaren marka ere izaten baitu», ziurtatu zuen Killeenek. Gaineratu zuenez, topaketa hauetan sortutako harremanetatik «zenbait kontratu» sinatzera ere iritsi dira hainbat jazz talde.
Jazzaldiarekin batera
Jazzaldia uztailaren 20tik 25era bitartean ospatuko da aurten eta horren barnean egingo da 12 Points egitaraua, jaialdiaren lehen lau egunetan. Martinen hitzetan, Donostiarentzat «aberasgarria» izango da bi jaialdiak batera egitea, «Jazzaldiari nazioarteko hauspo berria emateko ere balioko baitu».
Parte hartu nahi duten jazz talde gazteek urtarrilaren 30a baino lehen izena eman behar dutela ekarri zuen gogora Martinek, eta talde hautatuen berri martxoaren amaieran emango dutela aurreratu zuen. «Espero dezagun talde hautatuen artean euskal ordezkaririk ere egotea, aukera bikaina baita nazioarterako jauzia egin nahi duten gazteentzat», amaitu zuen.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»
