Aitor Ruiz de Eguino, artea ate joka
Aitor Ruiz de Eguinok sorlekuarekiko duen lotura nabarmentzen du bere sorkuntzak «ehuneko ehunean Hernanin eginak» direla baieztatzen duen aldiro. Haur garaitik, Chillida eta Oteiza bezainbeste miretsi du bere osaba uztarrigileak esku artean zuen materiala ezagutu eta tratatzeko duen artea. Osiñagako baserri girotik eta metalaren industriatik, bietatik edan du Ruiz de Eguinok eta bien uztarketa «ateratzen» zaio gogoa sormenean jartzen duenean.

Zeramikako lehen eskolak Hernaniko Biteri kultur etxean hartu zituen Aitor Ruiz de Eguinok. Hamarkada betez, esku artean zuen materialak forma, tamaina eta itxura berriak eskatzen zizkiola sentituz joan zen eta urte horietan guztietan, bere burua harritzea bilakatu zaio plazer. «Artista bati gerta dakiokeen onena da sortu duen horrekin harritzea. Niri ez balitzait horrela gertatuko, agian ez nuke honetan jarraituko», hausnartu du Hernaniko Santa Barbara auzoan (58. zenbakiko behean) egokitu berri duen 70 metro koadroko espaziotik.
Erakusketa-areto izateko senez sortu du espazio hau, baina tailerra ere badela dio, «gauza garbiak» –gutxi zikintzen du tenak alegia– egiteko lekua. Zoru-sabaiak zuri garbiz margotu ditu eta berak eginiko apalategiek ematen diete euskarri artista lanetan ibili den urteetan pilatu dituen zeramika, brontze eta aluminiozko eskulturei. «Hala irabazten dut bizitza, batez ere garaikurrak eta antzerakoak diseinatzen», argitu du, eskuineko apalategia erakutsiz. Formatu txikiko eskulturak dira, eta eranskailu batek markatzen du salneurria: ehun euro. «Arteak denon eskura egon beharko lukeela uste dut. Kur, Ekain... garai batean iparraldeko galeria ezagunenetan ere erakutsi nuen nire lana, baina garaiak aldatu egin dira. Egun, jendeak ez du arterik erosten eta inaugurazio asko ere, ez dut negargarriak direnik esango, baina jendea ez da lehen bezala galerietara joaten», ziurtatu du. Hori horrela, Ruiz de Eguinok artea eskuragarria izan daitekeela aldarrikatu eta eredu ere ematen du: materialen kostua murriztuz lortzen du eskulturak ehun euroan eskaintzea eta, galerietako ohiko salneurrietan ere mugitzen den arren, Ruiz de Eguinoren margolanak (paperean, aluminioan zein metalezko xafletan) eskuratzea ere poltsiko guztien eskura dagoela esan daiteke. «Nik uste dut oraindik batzuk ez direla ohartu ez garela inoiz lehengo garaietara bueltatuko. Musika, margoa, eskultura... kultura eta artea aldatu egin dira eta artistok horretara egokitu behar dugu. Ate berriak jo», ziurtatu du, eta egoera noiz aldatuko zain egon beharrean ate berriak jotzeko aldartea erakutsi du. Horretarako, ireki berri duen erakusketa aretora sorkuntza prozesua ezagutu nahi duen edo bere lana ikusi (eta erosi) nahi duen orok ateak irekita dituela dio. Eta interesa sortu duela dirudi: dagoeneko eskola pare batetik deitu diote bisitaldiak egiteko, eta formatu txikiko ekitaldi kulturalak antolatzeko asmoa ere ba omen du: «Baina hori gertuko jendearekin egingo dugu, giro intimoagoan», nabarmendu du.
Enpresaritzatik artisautzara
Margotzea haurtzarotik duela gustuko ziurtatu du Ruiz de Eguinok, baina sekula ez zuela margolari izango zenik pentsatu. Eta eskultore ere ez. Ikasketak enpresaritzaren bidetik egin zituen eta, bere bizitzaren lehen erdian, hura izan zuen bizibide. Orain hamabi urte inguru erabaki zuen zoriontsu egiten zuena artea zela eta bide horri eutsi behar ziola: «Ez zen erabaki erraza ezan; lana utzi, tailerra bilatu, bezeroak...», baina bikotekidearen babesa jaso zuen. Baita, sustua pasatu ostean, gurasoena ere. «Txikitatik, ‘Haizearen Orrazia’ edo Arantzazu ikusi eta liluratuta geratzen nintzen, baita Oteizarekin ere, edota elizetako xehetasunekin... Koldobika Jauregirekin lanean aritu nintzenean dimentsio berri bat ezagutu nuen eta... ni ez naiz maila horretako artista sentitzen; artisau gisa hasi nintzen eta hala ikusten dut nire burua, eta baita artea ere».
Hala, haurtzarotik gehien miresten duen artista bere osaba dela dio: Benigno Albeniz. «Uztarrigilea da bera, jada utzia duen arren. Txikitan, liluratu egiten ninduen egurra tratatzeko zuen moduak; benetako egurrak bizia dauka, dilatatu eta uzkurtu egiten da, tratatu egin behar da, ezagutu... eta nire osabak egur zati bat hartu eta haizeak nondik eman zion edota zenbat metrotara zegoen ezagutzen du. Motozerrarik ere ez du erabiltzen, dena eskuz egiten du... eta horrek guztiak betidanik txunditu nau», aitortu du.
Bere sustraiekin duen lotura agerikoa da egiten dituen artelanetan, eta harro baieztatzen du bere obrak «ehuneko ehun Hernanin eginak» direla: «Herrian sortzen ditut, hemen edo Zikuñagako tailerrean, eta Hernaniko fundizio batera eramaten ditut.... Kontzientea naiz gauzak era batera egiten ditudala hemen jaio naizelako, hemengoa naizelako».
Ate berriak jotzeko bide horrek Terueleko Grutas de Cristal kobazuloen erreplika egitera ere eraman du, Peio Villalbarekin batera. «Ez nuen behin ere halakorik egin eta, egia esan, gustatu egin zait. Peiok materiala eta pinturak gidatu ditu, eta nik eskulturaren alorra landu dut. Argiztapena iparraldeko talde batek egin zuen eta gurekin harremanetan jarraitu nahi zutela esan ziguten, ez omen daude halako lanetan aritzen diren artista asko hemen inguruan... Epe ertainean beste zerbait atera daitekeela ziurtatu digute eta, ea ba, ate horrek zer ematen duen!», dio.
Errapia artista elkartea
«Gauza garbiak» Santa Barbarako tailerrean egiten dituen bezala, «zikinetarako» Hernaniko beste auzo batera, Zikuñagara, joan ohi dela azaldu du: «Orain hamabi urte inguru, Errapia arte elkartea sortu eta Udalak Zikuñagako eskola zaharraren eraikina utzi zigun». Egun, diziplina ezberdinetako (bitxigintza, pintura, egur taila, zeramika, joskintza, es kultura...) hamabi artistak partekatz&discHyphen;en dute espazioa: «Bakoitzak dauka bere espazioa eta jaietarako sariak egin eta ateak irekitzen ditugu, auzokoek gure lana ezagutzeko».
Etorkizunagatik galdetuta, Ruiz de Eguinok 3D inprimagailuak aipatu ditu. Ez du zalantzarik egin. Oiartzuneko enpresa bati erosi berri dio gisa horretako inprimagailua eta, orain, ikasketa prozesu betean sartua dagoela dio: «Ordenagailuko programa berezien bidez egin behar da eta hori ikasten ari naiz, gero tamaina handian ditudan zenbait pieza txikiagoan eta aluminioa erabilita ateratzeko, merkeagoak izan daitezen. Etorkizuna 3Dko mundu horretan dago», ziurtatu du.
Begi bat Interneten baduela ere aitortu du, «jendearengana iristeko bide zuzena» dela uste baitu. Hala, bere web-orrialdean (www.aitor-ruiz-de-eguino.com) berak egindako piezak ikusi eta eros daitezke, eta artistarekin harremanetan jartzeko bidea ere hor topa daiteke. «Nahi duena gonbidatuta dago, konpromisorik gabe, areto hau ezagutzera», ziurtatu du.
Natura eta metala; baserria eta industria iturri
Artista batzuek hausnartu egiten dute obra. Zer esan nahi duten, horren arabera sortzen, eraikitzen dute artelana. Aitor Ruiz de Eguinok bestelako sortze prozesua du. «Ni ez naiz horren kontzeptuala... Hortik Arte Ederrak ikasi dituenak du gehiago», dio. Berak ikasketak ez zituen Arte Ederren bidetik egin; Enpresaritza hautatu zuen. Arteaz ikaspenak Hernaniko Biteri kultur etxean abiatu eta Artelekuko liburutegian ondu zituen. Baita, puntualki, Gironan, eta beste hainbat herritan ere.
Batez ere autodidaktatzat du bere burua eta hausnarketak sormenera eraman baino, sormenak darama hausnarketara. Hala baieztatu du, bere lanetan animaliak, zuhaitzak, materia bizia irudikatzen dutela agertu duenean: «Ez dut nahita egiten. Sortzen hasten naiz zer aterako den jakin gabe eta, bai, naturara jo ohi dut; animaliak, gizakiak, zuhaitzak... Aitona-amonek baserria zuten Osiñagan eta orain garbi ikusten dut haren eragina, orduko hura irteten zaidala sortzerakoan». Materiala aldiz, ez da bizia. Maiz, brontzea, aluminioa, metalezko xaflak ditu helduleku: «Eta aitak Orbegozon egiten zuen lan, industrian, metalean... Hausnartzeari ekiten diodanean, nire lanean natura eta industriaren arteko lotura hori, ni naizen hori ere islatzen dela iruditzen zait batzuetan». A.A.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
