GARA
DONOSTIA

Donostiara heldutako errefuxiatuei laguntza eskainiko die Udalak

Babes politikoa eskatuko dute joan den astean Donostiara iritsi ziren gizon palestinarrak eta hiru seme dituen ama gazte siriarrak. Une honetan Abegi Etxean bizi dira, baina euren helburua errefuxiatu-estatutua eskatzea da. Udalak tramiteak egiten lagunduko die.

Joan den astean Donostiara iritsi ziren errefuxiatuen berri eman zuen GARAk. Palestinako gizon bat eta Siriako emakume bat ziren. Azken hau bere hiru semeekin etorri da Euskal Herrira laguntza eske. Abegi Etxean bizi dira abenduaren 31n iritsi zirenetik, baina bertan egoteko epea amaitzen ari zaie eta, horregatik, Donostiako Udalak erabaki du horien babesa bermatzeko laguntza eskaintzea.

Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu zuenez, errefuxiatu hauek beren kabuz iritsi ziren Donostiara; hau da, «ez dira zain ginen errefuxiatu kupo horren multzokoak». Hala ere, euren helburua gainerakoek duten berbera da: bakean bizitzea.

Horregatik, babes politikoa eskatuko dutela iragarri dute. «Etorkin hauen egoera zehatza aztertzen ari diren bitartean, ahalik eta hobetoen zainduak izan daitezen», Abegi Etxean daude, non euren «behar nagusiak beteak» dituzten, zinegotziaren hitzetan.

Pertsona hauek «errefuxiatu-estatutua eskatzeko asmoa adierazi dute eta Udalak tramite horietan laguntza eman» diela azaldu zuen San Romanek. Gaur bertan CEAR errefuxiatuei laguntza eskaintzen dien erakundearekin biltzeko hitzordua dute, errefuxiatuen egoera formalizatzeko bidean.

«Garrantzitsuena da pertsona hauei ahalik eta laguntza onena eta handiena ematea», azpimarratu zuen zinegotziak. Horregatik, «Udalak dituen tresna guztiak helburu hori lortzeko erabiliko dira».

Marokotik pasatu ostean

Sami al-Hajin palestinarra Gazakoa da. 2002an izan zen eraso baten ondoren Marokora ihes egitea erabaki zuen. Bertan bost urte eman zituen arren, egoera kaskarrean jarraitu zuen. Estatu espainolean sartzea lortu zuen eta, Madrilen zegoela, Siham Hamad 22 urteko ama gaztea ezagutu zuen. Guraso palestinarrak ditu berak, baina Siriakoa da eta bertatik ihesi atera zen seme batekin eta haurdun. Marokon harreman bat izan eta haurdun gelditu zen berriro. Hirugarren semea Madrilen jaio zen.

Al-Hajinek gomendatuta, Euskal Herrira etorri ziren denak, errefuxiatuek jasotzen duten elkartasunaren berri izanik. Hemen daude orain errefuxiatu palestinar eta familia siriarra.