GARA
DONOSTIA

«Itsasoratze Artibista»: artea gizartearen mesedetan

Gatazkak eraldatzeko bide sortzaile eta indarkeriarik gabekoak iradokitzea eta ikertzea eta arte interbentzioen bidez parte hartze formula berriak sortu eta egokitzea da «Itsasoratze Artibista: Arterapia eta Artibismoa» programaren xedea. Gernika Gogoratuz, Gernikako Bakearen Museoa eta Donostia 2016k sustatutako ekimena da.

Gernika Gogoratuz-ek, Gernikako Bakearen Museoak eta Donostia 2016-k “Itsasoratze Artibista: Arterapia eta Artibismoa” programa aurkeztu zuten atzo, gaur egungo premia sozialei artearen bidez ekiteko ikerketa, partaidetza eta erakusketa prozesua. Antolatzaileek azaldu zutenez, programa honen xedea gatazka eraldatzeko sormen-bide ez bortitzak» iradokitzea eta ikertzea da eta, helburu hori erdiesteko, arte interbentzio ezberdinen bidez parte hartze formula berriak sortu eta egokituko dituzte.

«Halaber, ezagutarazi eta praktikan jarriko da aktibismoak, artearen edo artibismoaren bidez, gizartearen eraldaketaren eta bakearen eraikuntzaren alde gauzatzen duen lan aktiboa. Irudizko ontzi batean itsasoratuko gara, eskubide eta ardura zibilen, giza-eskubide eta arduren zein inguruarekiko eskubide eta arduren itsas zakarretan nabigatzeko», azaldu zuten atzo Donostiako 2016 Gunean egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Helburu horiek lortzeko zenbait lan ildo edo jarduera jarriko dituzte martxan. Alde batetik, herritarren eta pertsona edo kolektibo artibisten arteko “Elkarrizketa biribil sortzaileak” izango dira. Bertara, eskubide ezberdinen urraketak salatzen dituzten «erreferentziazko pertsonak» gonbidatuko dituzte aldian behin. Gonbidatuen artean izango dira Combatants for Peace, Žene u Crnom, Artifariti, Mosireen, Ruta Pacífica de las Mujeres, Enmedio, Ruckus Society, UK Uncut, Yes Men edo Center for Artistic Artivism, besteak beste. Orotara, zortzi “Elkarrizketa biribil” antolatuko dira 2016an zehar eta horietan edozein pertsonak har dezake parte.

Laborategiko saioak ere egingo dituzte eta, horietan, elkarrizketetara gonbidatu dituzten pertsonek esandakoak aintzat hartuta zenbait premia sozialetan eragiteko bideak ikertuko dituzte parte hartzaileek. Laborategiko saio hauetako kideek zenbait ekintza diseinatu eta programatuko dituztela ere iragarri zuten.

Azkenik, harreman eta hausnarketa horietatik erakusketak eta forumak ere eratorriko direla azaldu zuten.

Artibismoaren erronkak

Antolatzaileek gogora ekarri zuten arteak, zapalketa-harremanen bat salatu, zalantzan jarri edota eraldatzeko erabiltzen denean, «pintura, eskultura edo instalazio artibista» izena hartzen duela, baina ezberdintasun hori ez duela euskarri edo objektuak markatzen nabarmendu zuten, «sorkuntza, akzio eta eraldaketa estrategiak baizik». Hala, programa honen bidez hiru erronkari heldu nahi dietela azaldu zuten: «Itsasoratze Artibistaren kasuan, zuzenean jorratzen dira gizartearen hiru erronka garaikide handiak: eskubide eta betebehar zibilak, giza-eskubide eta betebeharrak eta ingurugiroaren eskubide eta betebeharrak». Horiei heltzeaz batera, zeharka artibismoaren zenbat estrategia ezagutarazi eta praktikan jarriko direla ere azaldu zuten, besteren artean Mediaktibismoa, Komunikazioaren Gerrilla edo Culture Jamming, ziberartibismoa eta ikerketa militantea.