Calixto Bieitok hartuko du Arriaga antzokiaren ardura
Atzo jakinarazi zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Emilio Sagiren lekukoa nork hartuko duen: Calixto Bieitok. Apurtzailea eta polifazetikoa, Bieito bera ere harritu egin da lan proposamena jasotakoan. Hala adierazi zuen atzo hedabideen aurrean eginiko lehen agerraldian. Izan ere, bere proposamen artistikoek ez dute inor hotz uzten. Emilio Sagiren lana gertutik jarraitu du eta hark 2008tik hona egindako lana goraipatu du.

Zortzi urtez Arriaga antzokiaren eskaintza artistikoa kudeatu ondoren, Emilio Sagik badu ordezkoa. Calixto Bieito (Miranda de Ebro, 1963) aukeratu du administrazio kontseiluak aho batez. Atzo egin zuen hedabideen aurreko lehen agerraldia, Juan Mari Aburto alkatearekin batera.
Bieito nazioartean prestatu dituen opera, zarzuela eta lan klasikoek egin dute ezagun, probokazioa eta arriskua maite baititu. Horregatik harritu du, hain justu, Bilbotik jaso duen gonbidapenak.
Ez du zalantzarik. Bere esanetan, Europako antzoki politenetakoa da Arriaga. Emilio Sagik Bizkaiko hiriburuan egin duena gertutik jarraitu du. «Ikaragarrizko lana egin du», esan zuen. Aspalditik ezagutzen dute elkar eta oso harreman berezia dute “El barberillo de Lavapies” zarzuela elkarrekin egin zutenetik.
Europako erreferente
«Orain arte egindakoa gehitzera nator eta horri nazioarteko oihartzuna ematera», adierazi zuen atzo. Hemengoa ondo zaintzeko asmoz dator eta bere ahalegin osoa egingo du Arriaga Europako antzerkiaren erreferente izan dadin.
Arriaga sendoa izan dadin nahi du, Europako beste antzokiekin elkarlanean.
Lau urterako dator eta epe horretan espainiar Estatuan ikusi ez diren ekoizpen propio batzuk –ia ehun ditu– taularatuko ditu Bilbon.
«Arriagari gau magiko asko eman nahi dizkiot ikusleak, etxera bueltan, antzokira etorri aurretik baino hobeto senti daitezen», esan zuen.
Aburtok, bere aldetik, argitu zuen beste hautagairik ez dela egon mahai gainean. Eta eskerrak eman zizkion Bieitori baiezkoa emateagatik, «Madrilen zein Europan eskaintza gehiago izan arren». Pertsona langile, umil, profesional, berritzaile eta anbiziodun» gisa definitu zuen, «nahiz hankak lurrean eduki».
«Antzoki modernoa, irekia, anitza, sortzailea eta estatu mailako zein nazioarteko proiekzioarekin» egiteko eskatu dio alkateak. Ekoizpen propioarekin jarraitzea eta aktoreen, abeslarien eta musikarien harrobia zaintzea ere izango ditu helburu, Sagik orain arte bezala.
Bakarrik dator lanera Bilbora zuzendari artistiko berria, baina «giza zein teknikari talde handia izango du alboan lan egiteko prest», argitu zuen Aburtok.
Ideia ugari ditu buruan Bieitok eta horien artean bada interes berezia pizten diona, opera barrokoa. «Gazteekin oso ondo konektatu dezakeen alorra da», bere esanetan.
Arriagakoa Basileako Operako zuzendaritza artistikoarekin uztartuko du. Basilean bizi da duela hiru urtetik Bieito, baina Bilbon «behar den denbora guztia» emateko prest agertu da. «Bidaiatzen ohituta nago eta ez nau izutzen Bilboko haizeak», esan zuen txantxetan.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
