Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren martetarrak

Historia duten herrialdeen historia, klase borrokaren historia dela esan ohi da. Gutxienez aurreko esaldiaren egiazkotasun maila berberarekin esan daiteke historiarik ez duten herrialdeen historia dela euren borrokaren historia estatuaren aurka». Pierre Clastres antropologoak liburu baten bukaeran idatzitako tesiaren laburpena Marxen esaldi ospetsuari aurre eginez (1974). Liburuaren azken orrian, gogoeta modura, sistemaren kudeaketa sozial, politiko eta kulturalak nola bortxatzen duen une oro pertsonaren nortasuna eta bizitza kontuan hartuta, idatzi nuen: «eta Marten bizitzarik balego...». Han agian botere ez hertsatzailea bultza genezake, Amazonaseko gizarte primitiboetan egiten ari diren bezala. Nafarroa Behereko Daniel Landartek Errobi taldeari lehen diskoko hitz guztiak idatzi zizkion, eta “Aitarik ez dut” abestiaren bukaeran mailarik gabeko gizarteaz idazteaz landa, haren alde ere egin zuen; 1975a zen. 72an Bowiek “The rise and fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars” diskoa kaleratu zuen. Galaxiara egin zuen jauzi hainbat diskorekin, bere irudi anbiguoekin (egun queer?) bere utopietara. Pertsonaia eta pertsonaren arteko diferentzia latza izan daiteke. Itxura-irudia eta errealitatea kontrajarriak. Bowieren kantuekin geratuko naiz, haren pertsonaia zein pertsona urrutiegi ditudalako, nahiz eta jakin duen heriotzaren bizitza ongi eramaten. Enpatiarik gabe, orain Bowieri hitz eder eta goxo. Haren kantuak entzuteko garaia etorriko zait berriro. Baina egunotan, ez. Arren!