«EskolHarria, biharko herria» leloarekin aldarri eguna eginen du Sortzenek
Hernanin kokatuko da, maiatzaren 22an, Sortzenen aldarrikapen eguna, bertan jaio zelako euskal eskola publiko berriaren aldeko mugimendua orain dela 25 urte. Urte osoko ekintzen mugarria izanen da.

25. urteurrena du Sortzen mugimenduak eta hori dela-eta jaioterrira itzuliko da aldarrikapen egun bat egiteko. Datorren maiatzaren 22an da hitzordua, Hernanin, “EskolHarria, biharko herria” leloarekin. Bitartean, ez dira ekintzak faltako: hitzaldiak, jardunaldiak eta, bereziki, mahai-inguru formatuko ekimenak, gehienak Nafarroan eta Gipuzkoan. Hernaniko eguna mende laurdenari emandako begirada honen mugarria izanen da.
Atzo Donostian egindako aurkezpenean oroitu zutenez, orain dela 25 urte eraketa kongresuan bildutako sare ezberdinetako kideek ezinbestekotzat jotzen zituzten euskal eskola publiko berriaren ezaugarriak aldarrikatu beharrean direla gaur egun ere: herri eta auzoekin lotua, kudeaketa demokratikokoa, ikaslearen beharrei erantzunen diena, euskalduntzea bermatuko duena, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena, parte-hartzailea, ideologikoki anitza, herri eta auzo curriculumak landuko dituena, kalitatezkoa, hezkidetzan oinarritua eta ikasleen ebaluazio jarraitua eginen duena.
Proiektuaren erakusleiho
Maiatzaren 22an Hernani Sortzenen proiektuaren «erakusleiho» izatea nahi dute. «Bertaratutakoek aldarrikatzen dugun hezkuntza eraikitzeko bidean martxan diren hainbat proiektu eta esperientzia ezagutu eta partekatzeko unea izango dute», iragarri zuten.
«Nolako hezkuntza, halako herria» nabarmendu zuten, eta erran zuten esaldi hori estatuek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduen isla dela, baita «Euskal Herriak historian egoera ezberdinen aurrean hartutako erabakiena eta emandako erantzunena» ere. «Lege eta dekretuekin gure herriko berezko izaera suntsitu eta homogeneizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin izan dutenean, Euskal Herriak tresnak eraiki eta gure berezko hizkuntza, kultura eta ohiturak bizirauteko alternatibak sortzen jakin izan du, eta Sortzen beti hor izan da», baloratu zuten.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
