Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Belaunaldi bereko bost artistaren obrak, elkarrizketa mamitsuan

Euren ibilbide artistikoa 80ko hamarkadan hasi, Leioako Arte Ederren fakultatean batera egokitu eta Artelekutik pasatu ziren Arenzana, Imaz, Intxausti, Monton eta Peral. Arteak bide ezberdinak urratzera eraman zituen beranduago eta, orain, Tabakalerak bateratu ditu.

Tabakalerak bertako sortzaileekin daukan konpromisoa berrestera dator “Arenzana Imaz Intxausti Monton Peral” erakusketa. Euren ibilbide artistikoa 80ko hamarkada bukaeran abiatu, Leioako Arte Ederren fakultatean garai bertsuetan ikasi eta Artelekun bat egin ostean, bide ezberdinak urratu zituzten bost artistok eta, orain, erakusketa kolektibo batean bildu ditu Tabakalerak.

Erakusketako komisario Peio Aguirreren hitzetan, erakusketa kolektiboa eta atzera begirakoa, bi horiek izatearen ezaugarria du erakusketak. «Erakusketa generazionala ez bada ere Euskal Herriko arte testuinguruan 80ko hamarkadan egindako lanaren adibide da, baina aldi berean artista bakoitzak du bere espazioa, bere lanaren adierazle ere bada», azaldu zuen. Hala, erakusketak eraikineko bi areto hartzen ditu. Lehenean, artistek euren ibilbidea islatzen duten obrak jarri dituzte ikusgai eta, bigarrenean, ekoizpen berriak bildu dituzte. Nagusiki pintura eta eskultura landu dituzte bost artistok eta, erakusketa honen bidez, garai bertsuko obrak elkarrizketan jarri nahi izan dituztela ziurtatu zuen Aguirrek. Apirilaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Kolektibotik norbanakora

Eskultura da Miren Arenzana bilbotarraren sorkuntzaren muina. Erakusketaren aurkezpen ibilbidean azaldu zuenez, bere obran zehar «funtzioaren eta kolorearen arteko tentsioa» landu izan du eta, Tabakaleraren kasuan, «espazio gardena» osatzen ahalegindu da, ispiluak eta irudi geometrikoak oinarri dituen lanaren bidez.

Iñaki Imaz donostiarrak pintura du adierazpide eta, 2013an hasitako esplorazioari jarraiki, hitzak eta irudia uztartzen ahalegindu da bere lanetan, «hitzak irudiaren azalpena izan gabe eta pintura hitzak ordezkatzera iritsi gabe». Haurtzaro eta nerabezaroan entzuten zuen musika kubatarra eta aitak irakurtzen zituen bakeroen nobelak dira Tabakaleran ikus daitezkeen bere obra berrien muina.

Zirku-karpa batera garamatza Gema Intxausti gernikarraren instalazioak. «Umoretik, doluaz hitz egin nahi izan dut», azaldu zuen. Zirkua irudikatzen duen zirkuluaren erdian kartulina zurietan zenbait idatzi eta irudi osatu ditu: «Ez dira ikusten; gizaki komunari egiten diote erreferentzia», argitu zuen.

Idoia Monton donostiarra pozarren agertu zen eta eskerrak eman zizkion Tabakalerari bere auzoan, Egian, bere obra ikusgai jartzeko aukera eman diolako: «Ez dago etxean onartua izatea baino gauza hoberik», ziurtatu zuen, eta erakusketan parte hartzen duten bost egileen izenean eskerrak eman zizkion arte garaikidearen espazio honi, «geure lanak erakusgai jartzeko bitartekoak eskaintzeaz gainera azken urte eta erdian gune honetan sortzeko baliabideak ere eskaini dizkigutelako».

Bere lan piktorikoan ordenarik gabeko munduaren gaineko ikuspegia helarazten dio ikusleari Montonek: «Irudi konplexu eta oso landuak dira, eta obra horietara eraman nauten irudiak ere jarri ditut ikusgai. Pintore bezala, inguruan sumatzen dudan edertasuna adierazteko beharra dut eta, orokorrean, ikuslearengan sentipenen bat eragiteko asmoz osatutako lanak dira», ziurtatu zuen.

Eskultura lantzen du Alberto Peral santurtziarrak. «Minimalismoa bilatzen dut, oinarrizko elementuak erabiltzen ditut piezari bizia emango dion txinparta hori eragiteko», azaldu zuen, eta erakusketak bere osotasunean duen garrantziaz ere mintzatu zen: «Bostok leku beretik irten ginen, gero Artelekun izan ginen eta, nolabait, erakusketa honetan azken 25 urteotan gertatu denaz mintzatzen gara. Bakoitzak gure bidea hartu dugu eta orain berriro batu gaitu erakusketa honek, ixten den zirkulu bat bezala. Esperimentu bat ere bada; gutako bakoitzak arteaz duen ikuspegia ere biltzen duelako». Bide beretik, Arenzanak baieztatu zuen erakusketak artistok komunean dutena ere erakusten duela, «eta horrek dentsitatea ematen dio».